Aramako Patxi Arizmendik denboraldiko lehen aran gorriak ekarri zituen, eta ondo saldu ere. Perretxikuetan, zizak, ziza horiak eta onddoak ziren nagusi, baina trufak ere eskaini ziren .
Mikel Lasa perretxikuzalearen hutsunea nabaria zen aste honetako azokan
Azken egunotako beroaldia izan zen hizpide nagusi atzoko Ordiziako azokan, Mikel Lasak eta bere postuko perretxikuzaleek oporrak hartu izanagatik utzitako hutsunearekin batera. Hala ere, ez bata ez bestea ez ziren oztopo izan asteazkenoroko feria honek uda parteko ohiko giroa erakusteko.
Mikel Lasa falta zela nabaria zen, baina bere postua egon ohi den lekua beti bezala azokako topagune izan zen, perretxikuen bila joan zirenek udaletxe ondoan Felix Barcina arabarrak jarritako mahaira jo behar izan bazuten ere. Hemen, 90 bat kilo ziza eskaini ziren, kiloa 15 eta 39 euro artean. Onddoak ere baziren, 10-24 euroan eta baita ziza horiak ere, 20 euroan. Deigarri ziren, bestalde, boilurrak edo trufa beltzak, bi ale 10 euroan. Bitxikerietan sartuta, banilla lekak ere saltzen zituzten arabarrek.
Baina atzokotik zerbait aipatu behar bada, Aramako Patxi Arizmendik eramandako aran gorriak dira. Ale txikiak, gozo gozoak; denboraldiko lehenak. Patxik aipatu zuenez, «denbora gutxian heltzen den barietatea da hau, txinatarra, eta datorren astean ekarri ahal izango dudan ez dakit». Atzo 18 bat kilo eraman zituen, eta 2,25 euroan saldu zituen, ondo saldu gainera, jendeak gustura hartu zuen fruta berri hau eta. Ez zen izan Patxik bere postuan aurkeztutako nobedade bakarra, kanpoan hazitako pepinoa ere bazuelako, 2 euroan, eta baita pipermina ere, Ibarrakoa deitzen dena, hau 12 euroan, «bertakoa».
Bestelakoan, san joan sagarra geroz eta ugariagoa da, eta atzo 2-2,5 euroan kotizatu zen, aurreko astean baino zertxobait merkeago. Gabiriako Oñatibia Txiki baserriko Miren Agirrezabalak zuen aukera zabala. Ibarrako Montes Etxeko Arantxa Iparragirrek, berriz, kalabazinak zituen emateko, oraintxe da bere garaia eta. Bi ale euroan saltzen zituen, baina ohiko bezeroak saritzeko, oparitan ere ematen zituen. Eta porruak, ziazerbak, lekak… kanpoan hazitakoak guztiak, agertzen eta ugaritzen doaz poliki poliki.
Landareen atalean, berriz, udazkenari begira jarrita daude erosleak eta geroz eta gehiago saltzen dira aza, azalore, brokoli, bruselaza eta antzekoak. Horrela adierazi zuen behintzat Montes Etxeko landarezaleak.
Udako barazkiak
Bestalde, D’elikatuz zentroak bultzatutako 12 hilabete, 12 produktu egitasmoak udako barazkiei eskainitako hilabetea ireki zuen atzokoan, eta Goierriko sukaldariei utziko die txokoa uztailean zehar. Aste honetan Ordiziako Aldasoro jatetxeko Juanjo Martinez de Rituertoren txanda izan da. Honek, Anoetako Mendibel baserriko Maria Jesus Jauregik utzitako barazkiak prestatu zituen plantxan jendaurrean.