Ehunmiliak eta Goierriko Bi Haundiak ez ezik, Marimurumendi maratoia jokatuko da hilaren 12an
Azkona, Osinalde, Aldasoro, Zubeldia eta Idiakez, Ehunmilien aurkezpenean.
Azken urteetako ohiturarekin jarraituz, Igartza jauregia aukeratu dute Ehunmilien antolatzaileek VI. edizioaren aurkezpena egiteko. 900dik gora mendi lasterkari elkartuko dira hilaren 10etik 12ra jokatuko diren hiru probetan: Ehunmilietan 272 izango dira (14 goierritarrak), G2Hn 500 (81 goierritarrak) eta Marimurumendin 150 inguru (55 goierritarrak). Korrikalarien denboraz txip eta geolokalizazio bidez –Ehunmilien kasuan– jarraitu ahal izango dira aurten ere, baina berritasunak ere badaude: webgunea itxuraldatu egingo dute proba egunetan, eta ibilbidean zehar jarriko dituzten kameren bitartez, zuzeneko emisoa emango dute. Horrez gain, Facebook bitartez korrikalarien berri izateko aukera egongo da –alta eman beharko dute korrikalariek horretarako–, eta baita SMS zerbitzu bat ere. Korrikalariak kontrol postu bakoitzetik pasatzen diren eran mezu bat bidaliko da korrikalariek antolatzaileei ematen dieten sakeleko telefonoaren zenbakira –euro bateko kostua izango du zerbitzuak–.
Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea, Rikardo Idiakez Ternuako ordezkaria, Juan Fer Azkona Euskal Mendi Federazioko kidea, Niko Osinalde Goiturreko zuzendaria eta Andoni Zubeldia Ehunmilietako antolatzailea izan dira gaur eguerdian Beasainen egin den aurkezpenean. Denek ere, Ehunmiliekiko duten konpromisoa berretsi dute, eta aipamen berezia egin diete boluntarioei, haiek gabe ezinezkoa baitzatekeen proba antolatzea. Era berean, aurtengo elastikoa ere aurkeztu dute (txuria), eta baita parte-hartzaileen artean banatuko dute jertse teknikoa
Aitor Aldasoro. Beasaingo alkatea
“Sei urtean, Beasainentzat garrantzitsua zen proba hau Gipuzkoa osoarentzat garrantsitsu izatera pasa da”
Rikardo Idiakez. Ternua
“Ehunmiliak Espainian eta Europan erreferente bilakatzen ari den proba bat da”
Juan Fer Azkona. EHMF
“Mendi lasterketak jende asko ari dira mendira erakartzen, nahiz eta bakoitzak bere erara gozatu”
Niko Osinalde. Goitur
“Ukaezina da mendiko probek turismoan duten eragina. Korrikalari bezala datozenak, hurrengo asteetan turista bezala itzultzen dira”
Andoni Zubeldia. Ehunmiliak
“Araudia berrikusi dugu, eta igarotzeko kontrol guneak areagotu ditugu korrikalarien segurtasunari begira”