Garagardo azokak egingo dituzte Lazkaon eta Itsasondon asteburuan
Lazkaokoa gaur, bihar eta etzi izango da. Itsasondokoa, berriz, bihar eta etzi.
Lazkaoko garagardo azoka Gerriko kultur elkarteak antolatzen du, Berria egunkariaren babesarekin. Bildutako dirua bientzat izaten da. Gaur hasiko da, eta hiru aukera izango dira garagardoa edateko: zuritoa (1,5 euro), kaña (2,5 euro) eta pitxarra (4 euro). Bestalde, 40 euroko bonoa erosiz gero hamabi pitxar hartzeko aukera dago. Bihar eta etzi ez da zuritoa hartzeko aukerarik izango, kaña eta pitxarra bakarrik.
Garagardoa edateaz gain, jateko aukera ere izango da Lazkaoko azokan. Gaur, osteguna izanik, pintxo potea egingo dute. Azokak irauten duen hiru egunetan, gainera, afariak ere emango dituzte. Giroa alaitzeko, berriz, trikitilariek zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte.
Itsasondon bihar eta etzi
Lazkaon bakarrik ez, Itsasondon ere izango da garagardo azoka bihar eta etzi, 19:00etatik 00:00etara. Arbelaitz Elkarteak antolatu du, hirugarren urtez. Zortzi garagardo ezberdin izango dituzte azokan, Espainiakoak, Belgikakoak, Alemaniakoak, Danimarkakoak eta Ingalaterrakoak. Garagardoa 3,5 euroan salduko dute, eta kristalezko pitxarrak ere jarriko dituzte salgai, 1,5 euroan.
Itsasondon ere emango dituzte afariak. Bi pertsonarentzako menuak 25 euro balioko du eta ukalondo bat, bi saltxitxa, bi postre eta bi garagardo izango ditu. Menuaz aparte ere salduko dituzte ukalondoa, saltxitxak eta solomoa.













