Gure Esku Dagok irteera antolatu du Sant Vicenç dels Horts herrira
Gure Esku Dago ekimenak harreman zuzena izan du Herrialde Katalanetako Sant Vicenç dels Horts herriarekin. Izan ere, hango castellersak bi aldiz izan dira Beasainen, Gure Esku Dagok antolatutako ekitaldietan, giza gazteluak egiten. Orain, «bisita itzultzeko garaia» dela azaldu dute, eta «bi herrien arteko harremana estutzeko» asmoz, bi eguneko bidaia antolatu dute, uztailaren 25 eta 26rako.
Festa giroko asteburu pasa izango da. Larunbat eguerdian iritsi eta bazkaria egingo dute aurrena. Arratsaldean berriz, herriko jaiekin gozatzeko aukera izango dute. Igandean, euskal giroko kalejira eta festa egingo dituzte: herri kirolak, euskal dantzak, zanpantzarrak, trikitilariak eta talogileak izango dira bertan. Mokadutxoa egin ondoren, arratsaldeko 16:00etan hartuko dute bueltako autobusa.
Autobusa bete artean, nahi duenak eman dezake bidai honetan parte hartzeko izena. Horretarako, 689 584 594 telefono zenbakira deitu behar da, uztailaren 15a baino lehen.
Goierriko ‘castellersak’
Bidaia honi lotuta, Goierrin giza gaztelu bat egiteko castellers talde bat osatu nahian dabiltza. Horretarako, eskualdean bizi diren hainbat katalanen laguntza izango dute. Entseguak ostegunetan egingo dituzte, 19:00etan, Beasaingo gaztetxean. Parte hartu nahi dutenei, bertara agertzeko deia egin diete.
Bestalde, Gure Esku Dago ekimenak, bere esker ona agertu nahi izan die ekainaren 21eko ekitaldian parte hartu edo boluntario moduan lanean aritu ziren herritar guztiei.