Hirugarren aldia da bi eskualdeek gida bateratua argitaratzen dutena. Informazioa eguneratu eta azken produktu turistikoak sartu dituzte gidan, esaterako, trail estazioa.
Niko Osinalde (Goitur) eta Olatz Ilarregi (Tolosaldea Garatzen), gida turistikoa eskuetan dutela. / Maialen Igartua
Goierriko Goitur eta Tolosaldeako Tolosaldea Garatzen turismo agentziek
lankidetza hitzarmena dute sinatuta, eta hitzarmen horri lotuta, bi eskualdeetako gida turistiko bateratua argitaratu dute. Hirugarren aldia da gida bateratua argitaratzen dutena. Azken edizio honetan informazioa eguneratu dute, eta azkenaldian aurkeztutako produktu turistikoak aurretik zeudenei gehitu dizkiete.
Euskadiko bihotza, jatorrizkoa dastatu izena jarri diote.
Hainbat produktu berri ditu gaur Ordiziako D’Elikatuz zentroan aurkeztu duten gidak. Garrantzitsuena
aurten aurkeztu duten trail estazioa da, bi eskualdeak hartzen dituen proiektua. Niko Osinalde Goiturreko arduradunaren esanetan,
trail estazioak erakusten du bi eskualdeen arteko lankidetza ez dela promoziorako bakarrik, produktu turistiko komunak sortzeko ere balio duelako.
Turistei eta bertakoei zuzenduta
Turismo bulego, lo leku eta beste hainbat gunetan banatuko dute gida, turisten esku egon dadin. Dena den, Osinaldek azaldu du gida hau ez dagoela turistei bakarrik zuzenduta. “Bertakoentzat ere baliagarria da, bertako errekurtsoak ezagutzeko”. Produktu turistikoez gain,
lo lekuen eta jatetxeen informazio eguneratua eskaintzen du gidak.
Olatz Ilarregi Tolosaldea Garatzen turismo agentziako arduradunak azaldu duenez, gida “oso praktikoa” da.
Hiru ataletan banatuta dago: gastronomia, natura eta kultura. Bestalde, familiei zuzendutako ekintzen berri ere ematen du. Hor kokatzen da, esaterako, aurten aurkeztu duten
Ormaiztegi eta Mutiloa arteko bide berdeko orientazio jokoa.