Europako Kcmem proiektuan parte hartu dute hamar segurarrek, memoria historikoa lantzeko. Ikastolaren sorrera gogoratu dute, eta irailean liburu batean bilduko dituzte jasotako oroitzapenak.
Proiektuan parte hartu duten segurarrak eta Olatz Retegi koordinatzailea. / Maialen Igartua
Pertsona helduek memoriaren berreskurapenean parte hartze aktiboa izatea. Horixe da
Europar Komisioak bultzatzen duen Kcmem proiektuaren helburua. Europako hainbat herrialdetan jarri dute martxan proiektua, baita Euskal Herrian ere.
Aranzadi elkartea da programa Euskal Herrian koordinatzen ari dena, eta Segura aukeratu dute proiektua gauzatzeko.
Zergatik Segura? «
Herri dinamikoa eta saltxeroa iruditzen zaigulako, eta lan egiteko prest eta gogoekin zegoen jendea aurkitu dugulako», adierazi du Olatz Retegi gizarte antropologoak eta programaren dinamizatzaileak.
Segurako hamar pertsonak parte hartu dute,
50 urtetik gorako sei gizon eta lau emakumek. Ekainean zehar, astean bi aldiz bildu dira Segurako kultur etxean. Saio horietan hainbat dinamika landu dituzte Retegirekin batera. «Memoria zer den, memoria eta historia ezberdintzen, memoria nola berreskuratu… horrelako gauzak landu ditugu», azaldu du Retegik. Argazki eta prentsa ohar zaharrak ere aztertu dituzte saioetan, oroitzapenak aktibatzeko.
Memoria berreskuratzearekin batera, helduen heziketa ez formala lantzen da dinamika horiekin. Helduen garapen pertsonala, moldagarritasuna eta gizartean parte hartze aktiboa izatea dira Kcmem proiketuaren helburuetako batzuk, baita herri nortasuna garatzea eta gizartearen kohesioa indartzea ere.
Ikastolaren sorrerako argazki zaharrak ikusten, atzo, Elorripen. / Maialen Igartua
Hainbat gai landu dituzte, esaterako, nekazaritzaren gainbehera edota gerra garaia. Dena den,
gai nagusia Segurako ikastolaren sorrera izan da. Parte hartzaileen artean ikastolako sorreran parte hartu zuten herritarrak, juntako kideak, irakasleak, ikasleak eta gurasoak daude. Horregatik, ikuspegi ezberdinak landu ahal izan dituzte, eta bakoitzak gogoratzen zuenarekin memoria kolektiboa osatu.
Izan ere, saio hauen helburu nagusia ez da izan memoria historikoa berreskuratzea. «Hori ere bai, noski», adierazi du Retegik. «Baina horrez gain, nahi dugu helduak konturatzea beren memoria besteekin elkarbanatzea garrantzitsua dela, eta
oroitzen dituzten gauzarik txikienak ere oso esanguratsuak direla».
Retegiren hitzetan, memoria indibiduala memoria kolektibo bihurtzen da elkarbanatuz gero. Eta memoria kolektibo hori herriaren eskuetan jartzeko, hain zuzen,
irailean liburuxka bat argitaratuko dute herritarren artean banatzeko. Ekaineko saioetan bildutako informazioa eta argazki zaharrak bilduko ditu liburuxkak.
Herritarren balorazio positiboa
Luli Telleria eta Ines Ormazabal izan dira proiektuan parte hartu duten herritarretako bi, eta balorazio positiboa egin dute biek. «Hainbat kontu gogoratzeko balio izan digu, baita berriak ikastekoa ere, besteek oroitzen zutena entzunez», adierazi du Lulik. Ikastolaren gaiak, gainera, jokoa eman diela esan du, hezkuntzaz harago doan gaia delako, eta herriko alor askori eragin zielako.
Ormazabalek ere balorazio positiboa egin du. Ikastolako lehenengo urteetanko ikaslea izan zen, eta
oroitzapen politak gordetzen ditu garai hartatik. «Ni hala ere haurra nintzen, eta nire oroitzapenak jolasek eta herrian egiten genituen ekintzek osatzen dituzte», adierazi du. «Memoria elkarbanatzeak lagundu dit ikuspegi zabalagoa lortzen, eta sorrera hartan parte hartu zutenen testigantza lehen eskutik jaso ahal izan dut gainera». Ormazabalen hitzetan, liburuxka argitaratzea ere oso positiboa da, herritarren memoria herrian geratzeko.
Azaroan Ingalaterrara
Dena den, liburuxka atera aurretik atzo egin zuten memoria herriaren esku jartzeko lehen urratsa, Segura Irratian hitz egin baitzuten. Bestalde, azaroan Ingalaterran bilduko da Retegi Europako beste herrialdeetako arduradunekin batera, Kcmem proiektuaren balorazio orokor bat egiteko eta Segurako esperientzia elkarbanatzeko. «Gonbidatu ditut segurako parte hartzaileak, eta agian batenbat animatuko da».
Segura Irratian, atzo, beren esperientzia kontatzen. / Maialen Igartua