Lazkaon Kantaka abesbatza 2005ean sortu zutenetik zuzendari izan da Debora Herrero ordiziarra. Larunbatean zuzendu zuen korua, azkeneko aldiz. Abeslari jarraituko du orain
Etxeko isats-pianoaren gainean ditu Debora Herrerok larunbateko Lazkaoko kontzertua iragartzeko kartel batzuk. «Badakizu, musikariei asko gustatzen zaigu gauza hauek gordetzea», erdi-justifikatu du. Berezia izan baitzen Kantaka abesbatzaren kontzertu hori, zuzendari bezala azkeneko aldiz zuzendu zuelako Herrerok. Hamar urteko ibiliaren ondoren (2005-2015), kargu hori utzi du. Abeslari bezala jarraituko du taldean, eta zuzendaritza Javi Alberdi lagunak hartuko du.
Nolabait, Herreroren nortasunaren eta egiteko moduaren zantzu asko ditu Kantakak. Abeslariak bildu zituen, Lazkaon eta Goierriko beste herri batzuetan fitxatuta, abesbatza «anbiziotsua» osatzeko.
Debora Herrero, etxeko piano isatsdunean eserita, eta Belen Maiza, Kantakaren zuzendaria (2005-2015) eta lehendakaria./Aimar Maiz
Ernemuina, hala ere, Belen Maizak jarri zuen, San Benito ikastolaren zuzendari zen garaian. Eskolaz kanpoko ekintza gisa ikasleei «kirola bakarrik» eskaintzearekin gogaituta, abesbatza sortzea proposatu zuen. «Abesbatza eta kantua hainbat balore lantzeko oso bide egokia zela iruditzen zitzaidan, musikari gustua hartzeko edo taldea lana egiteko. Bestetik, musikak baditu beste dohain batzuk: entzuten ikasi, elkarrekin partekatu, eta atal terapeutikoa», dio Maizak. Bera ere kantari da.
Asko kosta ondoren, zuzendaria Ordizian bertan aurkitu zuen: Debora Herrero. Jakintza ikastolako haur koruarekin zebilen. Lazkaon ere haurren Xanbe Txiki sortu zuten, eta haien gurasoak animatu zirenean, helduen Xanbe (San Benito, laburtuta).
Gizonezkoen falta
Xanben 12 ama eta bi aita zebiltzan. Gizonezko gutxiegi, koru mistoa itxuraz antolatzeko. Deialdi mordo bat egin, baina alferrik. Gizonezkorik ez zen animatzen. Orduan, bere harrobietara jo zuen Herrerok. Gaur egun 35 abeslari ditu Kantakak.
Ikastolan zuzendaritza aldatu zenean, proiektu pedagogikotik «kanpo» geratu zen korua, eta orduan haren babespetik irten ziren, Kantaka sortuz.
«Talde horiekin neronek ere heldutasun handia lortu dut, musikalki», aitortu du Herrerok. «Zeren batek bestea ekartzen du: geroz eta eskakizun maila handiagoa, orduan eta formazio handiagoa. Prozesu hori sinbiosi bat bezala izan da: taldeari emateko, ni gero eta gehiago eta ondoen formatzera bultzatzen ninduen». Haurdun geratu zenean utzi zion Xanbe Txikiri.
Behin eta berriz errepikatu du Herrerok asko jaso duela berak, abesbatzengandik. «Nik pentsatzen dut, irakasle orok —jada ez zuzendariek bakarrik— autokritika handia egin behar duela, beti. Gauza batek funtzionatzen ez badu, mugak ez daude ikasleengan, gugan baizik. Oso erraza da autokonplazentzian erortzea. Lehendabizi norberak jantzi behar du. Geuk ikasi behar dugu; zerorri geroz eta esijenteago izanda, horrek emaitzak ematen ditu», dio Herrerok.
Kantu lirikoan hasi zen, horregatik. Eta haurrentzat egoki izan zitezkeen partiturak artxiboetan bilatzen orduak pasatu zituen. Haurrak «engantxatu» zituen.
Mutilek ere kantuan —eta espresio artistiko guztietan, oro har— sartu behar dutela ohartarazi dute Herrerok eta Maizak, sentiberatasuna lantzeko eta burmuinaren funtzionatzeko era osoago baten mesedetan.
Zarzuela gaua, Jenkinsen meza…
Kantakarekin, eta aurretik Xanberekin, ez zuen abesbatza «tipiko-topiko» bat nahi Herrerok, «urtean bi kontzertu, Gabonetan eta kurtso bukaeran, emango zituena». Hala, «proiektuka» funtzionatu izan du, hamar urteotan. Zenbaitzuk oso entzutetsuak, gainera. Zarzuela gaua ikuskizuna, esate baterako; edo, berriki, The Armed Man, Karl Jenkinsen kontzertu konplexua.
Hala, abuztuaren 1ean Donostiako Hamabostaldian kantatuko du Kantakak, Aita Donostiarekin batera. «Hamabostaldian ariko dela ezin dezake abesbatzak esan», dio Herrerok. Bera, bien bitartean, Londreseko Royal Albert Hall-en izango da abuztuan, Iruñeko Orfeoiarekin, koruaren 150. urteurrenean.
Herrerok, zuzendaritza utzi berritan, Belen Maizaren «sentsibilitatea eta ikuspegia» goraipatu ditu, eskertzeaz gain, duela 13 urte korua abiarazteagatik.