Goierri beheak Europa mailako turismo saria irabazi du
Goierri beheak Europar Batasunaren EDEN saria irabazi du. Lehiaketa honek bikaintasuna saritzen du eta aurten gastronomiarekin lotutako tokiak saritu dituzte. Estatu bakoitzetik toki bakarra saritzen dute. Irailean Madrilen jasoko dute saria eta abenduan Bruselan.
Gaur eman dute sariaren berri, Idiazabal gaztaren interpretazio zentroan. Ekitaldian, Denis Itxaso Aldundiko Turismo diputatuak, Mertxe Garmendia Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendariak, Maite Cruzado Aldundiko Turismo zuzendariak eta Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak parte hartu dute. Goitur izan da, hain zuzen ere, Goierri lehiaketa honetara aurkeztu duena.
Aurtengoa EDEN sarien zazpigarren edizioa izan da. Urtero Estatu bakoitzeko toki bat saritzen dute eta lehenengoz Euskal Herriko eskualde bat saritu dute. Estatu espainiarreko gainontzeko lau finalistak Conil, Kantabriako Valles Pasiegos eta Ceuta izan dira.
Urtero bikaintasuna saritzen dute, baina gaia aldatzen dute. Aurten, balio gastronomikoa hartu dute kontuan. Toki oso ezaguna (kontsolidatua) ez izatea eta turismoa bultzatzeko erakunde bat edukitzea (kasu honetan, Goitur) eskatzen dute. Azokei eta jatetxeek bertako produktuak erabiltzeari garrantzia handia eman diete. Diru saririk ez dago, baina Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak sari honek diru-laguntzak lortzen lagunduko diela eta Goierri ezagutzera emateko balioko duela uste du.