Arrakastatsua izan da Akaitz Txiki II kobara egin duten irteera
Gipuzkoako Parketxe Sareak hainbat irteera antolatu ditu uda eta udazken honetarako, eta horietako bat izan da asteburuan Aralarren barrena egin dutena. Aralarko Parketxe Sareak lagunduta, Akaitz Txiki II kobara egin dute irteera oraingoan, eta “egin duen bero sapari aurre egiteko errezetarekin bete-betean asmatu” dutela esan dute antolatzaileek.
Lizarraustiko parketxean hasita, Lareoko urtegira arteko bidea “fresko” egin zuten irteeran parte hartu zutenek, “bertako pagadiek eskaintzen duten itzalpe atseginetik” barrena. Naparriturrin egin zuten lehen geldialdia, eta bertan Felix Ugarte espeologia elkarteko kideek inguruko paisaia karstikoa eta Aralarko kanpo egituren inguruko azalpenak eman zituzten.
Eguardiarekin bat eginda iritsi ziren irteerako parte hartzaileak Akaitz Txiki II kobaren ahora eta jertseak, euritakoak, eskularruak eta uretako botak jantzita hasi ziren kobako barrunbeak ezagutzen. “13 gradu freskotan, eta saguzarren agurraren ondoren, Aralarko lurrazpiko paisaiaren edertasuna begiztatu eta sentitu” ahal izan zuten: “Estalaktitak, estalagmitak, zutabeak…”. Inguruan ur asko ez bazegoen ere, “hasierako putzua lokatzez josia” aurkitu zuten.
“Esperientzia polita”
Aralarko Parketxe Sareko kideek jakinarazi dutenez, “esperientzia polita” izan da asteburuan bizi izan dutena, “formazio karstiko ederrak” ikusi bazituzten: “Aralarko Parke Naturalak kanpo-paisaia ederrak bai baina barne-paisaia ederragoak dituela ohartu ginen”.
Irteerako argazki gehiago eta datozen asteetan egingo dituzten irteeren informazioa Gipuzkoako Parketxe Sarean dago eskuragarri.