Informazio zehatza Antioko Interpretazio zentroan eta Mirandaolako bulegoan eskura daiteke
Legazpiko Chillida Lantokia, Goierri garaiko turismo eskaintzetako bat
Uggasa garapen agentziaren Turismo sailak uda honetako eskaintzaren berri eman du. Goierri garaiko lau herrietan egongo da zer egin eta zer ikusi.
Ezkio-Itsasori dagokionez, abuztuaren 9an eta 30ean bisita gidatua eskainiko dute Ezkion: San Migel eliza eta XVI. mendeko eraikinak erakutsiko dituzte. Itsason, hileko azken igandean, Pott zeramika tailerra eta San Bartolome eliza erakutsiko dituzte. Igartubeiti baserria, berriz, asteazkenetik igandera irekiko dute astero.
Legazpiko eskaintzari dagokionez, igandero Artzaintzaren Ekomuseoa, Ogiaren Txokoa eta Mirandaolako burdinola ikus daitezke. Chillida Lantoki eta Burdinaren Euskal Museoa, berriz, egunero irekiko dituzte. Langileen Etxea ikusteko, telefonoz deitu behar da. Horretaz guztiaz gain, Legazpi Abentura enpresak paintball-ean aritzeko aukera ematen du, Mendi Bazterrak enpresakoek inguruko mendietan ibilaldi gidatuak eskaintzen dituzte eta Ormazarreta zalditegian zaldi gainean ibiltzeko aukera dago.
Urretxun ere badago zer egin. Aikur erle museoa asteburuetan eta jai egunetan irekiko dute. Uztailean astelehenetik ostiralera irekiko dute eta irailean larunbatetan ere bai. Abuztuan, berriz, deitu egin behar da bisitatu ahal izateko. San Martin de Tours elizari dagokionez, meza baino ordu erdi lehenago irekitzen dute: astelehenetik larunbatera 18:30ean eta igandetan 09:00etan eta 12:00etan.
Zumarragan Antioko baseliza eta interpretazio zentroa bisita daitezke. Baseliza asteartetik igandera irekiko dute eta interpretazio zentroa egunero (irailean, asteartetik igandera). Goierri garaia bizikleta gainean ezagutzeko aukera ere badago. Urretxuko Godoy dendan bizikletak alokatzen dituzte bidegorrian eta mendian ibiltzeko.
Turismo bulegoak
Informazio gehiago nahi dutenek, urolagaraia.com webgunera edo turismo bulegoetara jo dezakete. Antioko turismo bulegoa egunero irekiko dute: 10:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara. Mirandaolako turismo bulegoa ere egunero irekiko dute: 10:00etatik 14:30era eta 15:30etik 18:30era.