Joan zen abuztuan, eskuartean proiekturik ez izatetik, astebetean, bost futbol talderen eskaintza izatera pasa zen Pako Aiestaran (Beasain, 1963) futbol entrenatzailea: Mexikoko ...
Zein da zure pentsaera futbolari buruz? Zein da zure lan egiteko modua? Lehenengoz, prozesuetan sendotzen ditut emaitzak, lan egiteko moduan. Joko estilo garbi eta finkatu bat eduki behar da. Horrekin batera, metodologia aproposa eduki behar da jokalariei hori guztia azaltzeko. Bestetik, errendimendua taldearen ondorioa bezala hartu behar da. Baina emaitza jokalarien fitxaketekin lotzen jarraitzen dugu. Merkatuan ez badago jokalari bat ondoen egokitzen dena, zergatik fitxatu behar da? Askotan fitxatzen diren jokalarien artean ez dago desberdintasun nabarmenik. Fitxaketak aipatu dituzunez, Realari hori gertatu zaio? Realari eta talde gehienei. Lan asko dago egiteko. Baina lehenengo, dauzkagun jokalariak hobetu behar ditugu. Jokalariak hobetzen badituzu ziur nago, hurrengo urtean errendimendu hobea lortuko dela. Baina hori ez da gertatzen; ez dago jokalariak hobetzen dituen hainbeste entrenatzaile. Orduan jokalari hobeak fitxatzen dituzte. Baina gu, entrenatzaileok, zertarako gaude? Errendimendu hobea lortzeko bide bat fitxaketa onak egitea da, baina dauden jokalariak ere hobetu beharko dira, ezta? Joan zaren lekuetan arrakasta lortu duzu. Beti gertatu zait, eta entrenatzaile laguntzaile nengoenean ere bai. Beti oso ondo baloratu dute nire lana. Mexikon eta Israelen egon naizen denboran, zenbait jokalarik eskerrak eman dizkidate, zenbat hobetu duten eta ikasi duten onartuz. Konturatzen zara jokalariak hobetu daitezkeela. Jokalariak baloratuta sentitzea da lehenengo pausoa. Emozioak ulertzea eta emozioekin lan egitea oso garrantzitsua da, azkenean pertsonekin lan egiten dugu eta. Futbola lehenengo da, baina familiako egoera orekatua izan behar da. Arazoren bat baldin badago ezinezkoa da lanean kontzentratzea. Izen handiko entrenatzaileekin aritu zara lanean. Bakoitzarengandik zer ikasi duzu? Pertsona guztietatik ikasten da eta azkenean zure bidea edo metodologia finkatzen joaten zara. Hainbat Ligatan aritu zara lanean: Espainia, Mexiko, Portugal, Israel, Ingalaterra, Arabiar Emirerri Batuan… Zein Liga duzu gogokoena? Lana egiteko, Ingalaterrakoa. Batez ere, taldeen eta kluben egitura oso sendoa delako. Bitartekoak ere sendoak dira oso. Sentitu arazten dizuten gertutasuna ez da beste inon sentitzen. Beti gogoratzen naiz, Valentziatik Liverpoolera joan ginenean, bigarren egunean kalean zale batek eskua eman eta eskerrik asko eman zidala. Hasieratik sentitu arazten zaituzte familiako bat bezala. Zaleek babes handia ematen dute momentu txarretan zein onetan. Hemen badakigu emaitzak onak ez direnean, zaleek bizkarra ematen diela taldeei. Hori Ingalaterran ezinezkoa da; alderantziz, taldea momentu txarretan dagoenean taldea gehiago babesten dute. Nahiz eta partida galdu, jokalarien ahalegina eta profesionaltasuna ikusten badute, txaloka uzten dute zelaia. Sentimendu hori ez dago beste inon. Gorka Elustondo beasaindarra txistuz hartu izan dute Anoetan. Hori esan didate bai. Baina hori onartezina da, errespetu falta handia da. Batez ere, bertako jokalari bat izanda. Horrek adierazten du nolakoak garen. Kanpotik etortzen den edozein, hobea dela uste dugu, baina lehenengo bertakoak babestu behar dira. Euskal Herrira itzultzeko esperantzarik baduzu? Etxean zailagoa izaten da beti. Etxekoarengan sinestea izaten da zailena. Agian egunen batean gertatuko da.