Olaberriko lantegi atarian ordu eta erdiko elkarretaratzea egin dute enpresa batzordeak deituta
Olaberriko Arcelor-Mittaleko enpresa batzordeko ordezkariak, gaur. / I. Gurrutxaga
Olaberriko Arcelor Mittal lantegiaren aurrean ordu eta erdiko kontzentrazioa egin dute gaur, azken asteotan Zumarragako eta Sestaoko lantokietan lan istripuz hildako bi langileren heriotza salatzeko, eta istripua izan duten lankideen senideei elkartasuna adierazteko. Enpresa batzordeak (CCOO, UGT eta LAB) deituta egin da gaurko elkarretaratzea. Enpresaren zuzendaritzari gogorarazi diote “bera” dela langileen segurtasuna bermatzeko arduraduna, eta horrenbestez, “azken istripua hauen ardura ere berea da”. Atzo, Zumarragako egoitzaren aurrean egin zuten kontzentrazioa.
Enpresa batzordeak helarazitako oharrak dioenez, lan segurtasuneko legedia betetzen dela bermatu behar du zuzendaritzak, eta gai hori “garrantzitsuenetzat” jo behar dela. “Gainera, langileoi ulertarazi behar diegu lan segurtasuna dela produkzioa baino garrantzitsuagoa dela”.
Azpikontratatutako langileak dira azken asteetan hildako biak. Ekainaren 25ean hil zen lehena, Zumarragan, hamabi metrotik erorita. Bigarrena uztailaren 3an, Sestaoko ACB lantegian, Bizkaian, pieza astun batek azpian harrapatuta. “Azpikontratutako langileak direla jakinda, zuzendaritzak haien lan baldintzak are eta gehiago zaindu behar lituzke, langile hauek jasatzen duten prekaritateak eta lan-baldintzek istripua izateko arriskua areagotzen baitute”.
Enpresa batzordearen arabera, istripuen areagotzea Olaberriko langile kopurua murriztearen, produkzio erritmoak areagotzearen eta atseden faltaren ondorio da. “Zuzendaritzari eskaera hauek aintzat hartzeko eskatzen diogu, eta lankideei gogorarazi nahi diegu segurtasun neurriak areagotzeko eta lan-baldintza egokietan aritzeko lanean”.