Denboraldiko azken saioa izango da, 17:30ean, Igartzako jauregian. Sebastian Salaberriaren ‘Neronek tirako nizkin’ liburua hartuko dute solasaldiaren oinarri.Liburutegian eska daiteke liburua.
Ekainaren 26ko saioa.
Beasaingo irakurle taldeak uztailera arte luzatuko du aurtengo irakurketa denboraldia. Memoria historikoaren gaiari keinu egin nahi diote liburuaren irakurketarekin, hilaren 27an 36ko gerrako fusilatuei oroimen ekitaldia egingo zaiela eta kontuan hartuta. Hilaren 24an, 17:30ean jarri dute hitzordua, Igartzako jauregian.
Oiartzungo Sebastian Salaberriaren
Neronek tirako nizkin liburua aukeratu dute gaia lantzeko. Auspoa argitaletxeak 1964an argitaratua da eta Agora izeneko nobela saria ere irabazi zuen. Irati Goikoetxea dinamizatzailearen esanetan, liburuak oso ondo deskribatzen ditu 36ko gerra aurreko eta gerra garaiak. «Oso ondo deskribatzen du gerra aurreko nekazal giroa. Bizipen sozial horretatik abiatuta, halako trantsizio bat egiten du lehenengo pertsonan. Ez dakit erabat autobiografikoa izango den baina berak oso gertutik kontatzen du». 36ko gerran Sebastian eta Kaximiro anaiak kontrako bandoetan borrokatu zuten. Anaiaren hiltzaile izan zitekeenaren sentipenak ondo deskribatzen dira liburuan. «Oso irakurterraza da, ahozko gipuzkeran dago idatzia, nahiko freskoa egiten da», gaineratu du.
Beste kasuetan bezala, udal liburutegian maileguan eskura daitezke liburuak.
Gonbidatuekin aberastu
Liburuaren gaineko solasaldiaz gain, 36ko gerraren inguruko herritarren testigantzak biltzen ere saiatuko dira. Memoria historikoaren gaia lantzen ari direnekin harremanetan jarri dira horretarako. «Irakurle taldeak jende desberdinengana iritsi nahi du eta herritarrak kezkatzen dituen gaietara zuzenago iritsi nahi du», dio Goikoetxeak. Gazteengana ere hurbildu nahi dute irakurle taldekoek: «Memoria historikoaren gaiari heldu nahi diogu eta jarraipena emago badiogu belaunaldiz belaunaldi gai horretaz hitz egin behar da, eta gaia ezagutu egin behar da».
Taldearen ildo berria
Hemendik aurrera, gai zehatzen inguruan herritarrak gonbidatuz aberastu nahi dute irakurle taldekoek beraien solasaldia. Ekainaren 26ko saioan, adibidez, Jon Arretxeren 19 kamera liburua irakurri zuten eta Sazad Mohamed pakistandarra gonbidatu zuten bere esperientzia kontatzera, liburu horrek bete-betean etorkinen gaia lantzen baitu. Denboraldi berrian ildo horretatik jarraitu nahi du irakurle taldeak: herritarrak kezkatzen dituen gaiak landu, herriko taldeekin eta eragileekin elkarlanean.
Irakurle taldea finkatzea lortu dute aurten
Beasainen aurretik beste saiakera batzuk egin baziren ere, aurtengo ikasturtean irakurle taldea finkatu dela esan daiteke. Irati Goikoetxea beasaindarrak dinamizatzen du taldea. «Orain artean urtean behin edo bitan biltzen zen irakurle taldea, batez ere, Igartza sariketa irabazten zuen liburuaren inguruan. Baina ez zitzaion jarraitasunik ematen», dio Goikoetxeak. Aurten bai, asmatu dute hilean behineko hitzordua jartzen. «Oso balorazio positiboa egin dugu», gaineratu du.
Irakurle taldea irekia da; aurten, hogei bat kideko taldea osatu dute. «Hilero norbait berria etorri izan da». Igartzako jauregian elkartzen dira, eta baliabide teknologiko egokiagoak dituztenez, irudiarekin eta musikarekin osatzen dituzte saioak. «Oso egoera aberatsa sortzen da. Euskal literatura ezagutzen dugu baina gure artean eztabaidatzeko probesten dugu. Irakurketak aukera ematen digu kezkatzen gaituzten gaiez hitz egiteko». Denboraldi honetan irakurketarako liburuak dinamizatzaileak proposatu baditu ere, datorren ikasturtean irakurleen esku utzi nahi du lan hori Goikoetxeak.