D'Capricho bikoteak kubatar musikaren kontzertua egingo du bihar Lazkaon
Danieuris eta Daniellis Moya Avila ahizpa kantariek kontzertua egingo dute, ostegunean (uztailak 9), Lazkaon. Manuelene taberna zegoen plazatxoan ariko dira (plazako pilotalekuaren hormaren atzean), 22:00etan hasita. Kubako tradizio musikal ospetsuko erritmoak abestuko dituzte, pianoz lagunduta. Baina baita beraiek ondutako estiloaren erakusgarriak ere. 2013an ere kantatu zuten Lazkaon eta Beasainen. Gerriko elkarteak antolatu du kantaldia.
Diskoa argitaratu du D’Caprichok, bikotearen lehena: Son en sus poemas. Kubako olerkari entzutetsuen testuak —Eliseo Diego eta Fina Garcia Marruz, adibidez— musikatu dituzte. Horrez gain, euskal idazleen letrak ere abesti bihurtu dituzte, eta euskarazko hamar kantu sartu dituzte. Beasaingo jatorria zuen Dulce Maria Loynaz poeta kubatarra ere txertatu dute, besteak beste.
2010ean, Pirritx eta Porrotxen ‘Ongi etorri’ diskoan ere parte hartu zuten, bost kantutan.