Euskara ikastera, baserrira
Euskara ikastera baserrira joaten zen hiriburuko ikasle baten abenturak jaso zituen Joxean Sagastizabalek, Kutxidazu bidea, Ixabel liburu ezagunean. Umorez eta istorio bitxiz osatutako kontakizuna ...
Euskara ikastera baserrira joaten zen hiriburuko ikasle baten abenturak jaso zituen Joxean Sagastizabalek, Kutxidazu bidea, Ixabel liburu ezagunean. Umorez eta istorio bitxiz osatutako kontakizuna bada ere, asko du errealitatetik. Hogei urtetik gora ditu lan horrek, baina egun, oraindik ere badira euskara ikasi edo hobetzeko asmoz baserrira etortzen direnak. Maizpide euskaltegiaren bidez, Lazkaoko eta Ataungo hainbat familiatan egiten dituzte egonaldiak, ikasturtean zehar euskara ikasle ugarik.
Jon Urdangarin Maizpideko zuzendariak azaldu duenez, ikasleentzat euskara ikasteko «beste aukera bat» da. Izan ere, Maizpiden barnetegian bertan egoten dira ikasleak, baina familietan egonda, «euskara batuaz gain, beste hizkera bat eta ohiturak ezagutzeko aukera» ematen diete ikasleei. Zentzu horretan, bi eskaintzak elkarren osagarri direla uste du Urdangarinek, eskoletakoaz gain, ahozkotasuna eta kaleko euskara naturala ere lantzen dituztelako.
Euskara ikaslea «egoera natural batean eta euskaltegitik kanpo ere euskara erabiltzera bultzatzea» da egitasmo honen helburua. Maizpide euskaltegiaren bidez, 40 urtez baina gehiagoz hartu izan dituzte euskara ikasleak Lazkaoko eta inguruko herrietako hainbat familiatan. Izan ere, 1974an hasi ziren Lazkaon Udako Euskara Ikastaroak antolatzen; lehen urte haietan, uda osoa bertako familietan pasatzen zuten ikasleek.
Sistema honen bidez, «euskara goxoa, egunerokoa» ikasteko aukera dute ikasleek. «Konbentzituta gaude eguneroko harremanak euskaraz izatea, eguneroko eginkizunak, txikienak izanda ere, euskaraz egitea dela euskararen jabe modu eraginkorrean egiteko bidea».Hala, Lazkao eta Goierri eremu euskalduna izanda, «bertako familia euskaldunek hizkuntza eredu ezin hobea» eskaintzen diote ikasleari.
Esperientzia polita
Euskara ikasleak etxean hartzen dozena bat urte daramatzate Ataungo Aldarreta baserrian. Bertako Maite Lardizabalek dio esperientzia polita dela. «Jende ona etortzen zaigu eta orain arte gustura egon gara denekin». Etxean denetariko jendea hartu izan dute, baina «aurten denak ingurukoak» etorri direla dio, «Gasteiz, Iruñea, Miranda de Ebro, Zangotza…». Baina urrutiagoko jendea ere hartu izan dute; iaz adibidez, AEBtatik, Californiatik etorritako ikasle bat izan zuten etxean. Ikasleak beraiek ere «gustura» egoten direla azaldu du; asko harrituta gelditzen dira lekuarekin eta paisaiekin, eta hango lasaitasuna aipatzen dute gehienek. Gainera, «Maizpiden jende asko egoten dela eta askok toki lasaiago bat» bilatzen dutela dio.
Lazkaoko Kontxi Sukiak «oso esperientzia polita» dela dio. Lazkaoko etxean ikasleak hartzen «urte asko» daramatzatela azaldu du, «egonaldiak egiten hasi zirenetik, hamabost bat urte edo». Orain arte «oso jende jatorra eta sanoa» tokatu izan zaiola dio. Ikasturtean zehar hartzen du jendea etxean. «Batzuk ikasturte osorako etortzen dira, beste batzuk hilabeterako, euskara maila mantentzeko». Aurten Nafarroatik, Burgosetik eta Kataluniatik etorritako jendea izan du.
Familien beharrean
Gaur egun, hala eskatzen duten ikasleek, ikasturtean zehar izaten dute bertako familietan egonaldiak egiteko aukera. Hartara, eguneroko eskolekin konbinatzen dute etxeetako esperientzia. Jon Urdangarinek azaldu duenez, «etxeetan gosaldu eta afaldu egiten dute; goizean eskoletara etortzen dira, eta gero Maizpiden bertan bazkaltzen dute».
Egonaldi hauek egiteko eskaerak urtez urte aldatzen badira ere, etxean ikasleak hartzeko prest dauden familia gehiegirik ez dutela izaten dio Urdangarinek. Horregatik, orain artekoez gain beste familiaren bat ere animatuko balitz, gustura hartuko lukete. Parte hartzeko baldintza bakarra «familia euskalduna» izatea da. Datorren ikasturteari begira batenbat esperientzia berri hau bizitzeko prest balego, Maizpide euskaltegiarekin harremanetan jartzeko deia egin dute.
Udarako ikastaro eskaintza Maizpiden
Lazkaoko Maizpide euskaltegiak ikasturtean zehar eskaintzen du Goierriko hainbat etxetan egonaldiak egiteko aukera. Baina oporrak edo uda garaia euskara ikasteko aprobetxatu nahi dutenentzat ere, eskaintza zabala antolatzen dute. Ikastaroez gain, kultur egitarau oparoa prestatzen dute urtero, uztail, abuztu eta irailerako.
Udako ikastaro eskaintzari dagokionez, euskalduntze maila ezberdinak (1, 2, 3 eta 4. mailak), euskara eta pilota uztartzen dituen 22na egitasmoa, erabilera sustatzeko Zu nirekin programa, ahozkotasuna, Sakontzen edota Hizkuntz Eskakizunak lantzeko aukera izango da udako hilabete hauetan.