Ordizia, Beasain eta Lazkaoko udalek gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz egiteko kanpaina bat abiatu dute
Gidabaimenaren azterketa teorikoa prestatzeko euskarazko ikasgela birtualaren irudi bat. / Iñaki Gurrutxaga
Goierri beheko hiru udal nagusiek, Beasainek, Ordiziak eta Lazkaok, gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz egiteko
Euskararen martxan primeran. Aurten bai, teorikoa euskaraz! goiburua duen kanpaina bat abiatu dute. Beste ekimen batzuk elkarrekin egin izan badituzte ere –errenta aitorpena euskaraz egitearena kasu– lehen aldia gai zehatz horren inguruan elkarrekin aritzen direla. Goierri behean hiru herriotan daude soilik autoeskolak, eta Goierriko herri txikietako gazte gehienek ere horietan atera ohi dute gidabaimena. Goierri beheko autoeskola guztiek egin dute bat ekimenarekin: Beasainen lau daude, Lazkaon bi eta Ordizian bat –bi egoitza ditu ordea–.
Ekimen honen oinarrian dagoen hausnarketa argia da: Goierriko DBHko ikastetxeetan D eredua da nagusi, eta gazteek ikasketak euskaraz egiten dituztenez, «koherentea» da gidabaimena ateratzeko azterketa ere euskaraz egin nahi izatea. Eskubidea izateaz gain, Goierriko autoeskolak azterketa euskaraz egiteko eta prestatzeko «material egokia eta txukuna» edukitzeko saiakera egiten ari dira.
Helburuak ere argiak dira: Goierritarren hizkuntz eskubideak bermatzea; gidabaimena euskaraz atera nahi dutenen eskaria handitzea; eta autoeskolak eta herritarrak kanpainan inplikatzea. Amu gisa, ekainetik abendura bitartean teorikoa euskaraz egiten duten gazteak 400 euroko zozketa batean sartuko dira prestakuntza Ordizian eta Beasainen jasotzen dutenek. Lazkaok, berriz, 2.000 euroko partida bat du horretarako, eta teorikoa euskaraz egin dutenen artean banatzen du kopuru hori.
Udalak sustatzaile lanetan
Beasainen 2009. urtean hasi ziren gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz egiteko lehen urratsak egiten. Ane Barandiaran udaleko teknikariak azaldu duenez, garai hartan Valentziako AEOL enpresak azterketa prestatzeko euskarazko materiala sortu eta autoeskolei eskaini zien: «Ordura arte ez zegoen material egokirik, eta hori aurrerapausu handia izan zen. Beasaingo Udalak herriko autoeskolekin hitzarmena sinatu zuen orduan material hori Beasaingo autoeskoletan eskaintzeko, eta guztiek parte hartu zuten. Jarrera oso ona izan dute autoeskolek».
Barandiaranen esanetan, urtez urte egiten dute datuen jarraipena, eta 2014an, esaterako, %26,87 izan ziren azterketa euskaraz egin zutenak. Ehuneko hori hazteko oztopoa azterketa bera dela dio teknikariak; izan ere, azterketa prestatzeko eskumena Espainiako Trafiko Zuzendaritzarena (DGT) da, eta azterketak euskaraz ere prestatzen dituzten arren, «askotan akatsak izaten dituzte edo ulertzen zailak izaten dira».
Aitzol Azpiroz Ordiziako Udaleko teknikariak ere antzeko ikuspuntua plazaratu du. Ordizian «2011tik behintzat» ari dira gai hau jorratzen, eta eskualdeko ikuspegia ematea «oso aproposa» iruditzen zaio, «euskara kontuak zeharlerroak baitira». Azpirozek esan du 18-19 urte bitarteko Ordiziako 180 bat gazteri gutun bat igorri dietela kanpainaren berri emanez. «2014an, 112 ikaslek atera zuten gidabaimena, eta horietatik 10ek soilik egin zuen teorikoa euskaraz, %8,92k. Ez da logikoa dena euskaraz ikasi, eta kasu honetan, gaztelerara pasa behar izatea. Materialaren kalitateaz ere kexatzen dira ikasleak», nabarmendu du.
Ordizian Solozabal da autoeskola bakarra, eta aipatu du autoeskolak, bere kabuz, 1.300dik gora galdera-erantzun itzuli dituela. «Materialaren kalitatea zaindu beharra dago. AEOL enpresak zuen material hori, baina zenbait kritika ere jaso ditu eguneratu gabe dagoelako».
Lazkaon iaz hasi ziren gai hau sustatzen, eta Legazpin ere egin zuten ahalegin bat orain lau urte, herriko autoeskolarekin zuzenean hitz eginez. Urretxun eta Zumarragan ez dute arlo zehatz hau bereziki landu.
Zailagoa denaren ustea
Beasaingo Igartza autoeskolako Jose Luis Iturrioz lehen materiala sortu zenetik ari da teorikoa euskaraz eskaintzen. «AEOLek sortutako materialarekin ari gara lanean, eta gero, gerorrek euskaraz sortutako material batekin azalpenak ere ematen ditugu. Gaur-gaurkoz 20tik 8 ari dira teorikoa euskaraz egiten, baina urtean zehar ez dira horrenbeste».
Udalak-eta halako kanpainak antolatzea begi onez ikusten ditu, baina kezka kalean sumatzen du. «Naturalena euskaraz egitea litzateke, baina kalean zabaldu den ustea da euskarazko azterketa zailagoa dela,
trafikok prestatutako galde-erantzunak itzulpen aldetik ez daudelako behar bezain ondo eginda». Bidea eginez egiten da aurrera.