‘Goizalde’ kanpo kontsultetako eraikin berria inauguratu dute
Goierriko ESIaren baitako Zumarragako Ospitaleko kanpo kontsulten eraikin berria inauguaratu dute. Hamasaei hilabetean eraiki dute eta lanek 1.880.000 euroko aurrekontua izan dute. Gaurko inaugurazioan Iñigo Urkullu lehendakariak, Jon Darpon osasun
Goierriko ESIaren baitako Zumarragako Ospitaleko kanpo kontsulten eraikin berria inauguaratu dute. Hamasaei hilabetean eraiki dute eta lanek 1.880.000 euroko aurrekontua izan dute. Gaurko inaugurazioan Iñigo Urkullu lehendakariak, Jon Darpon osasun sailburuak, Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendariak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu dute. Aurreskua hasteko, eraikinari bisita ondoren eta azkenerako utzi dituzte hitzak.
Eraikinaren gela gehienak ez daude hornituta, baina Teresa Garmendia ESIko kudeatzaileak lanean ari direla eta uztailaren 11rekin eraikina zabalduko dutela azaldu du, “errazenetik hasi eta poliki zerbitzuak eraikin berrian kokatuko ditugu”.
Behin eraikinari bisita eginda, Jon Etxeberria izan da hitza hartzen lehena: “Halako eraikin baten inaugurazioa berri ona da, ez da lehena ezta azkena izango. Azpiegitura berriak egitea bezain inportantea da profesionalek erakusten duten ilusioa eta profesionaltasuna”. Mikel Serranok, bere aldetik, eraikina “ezberdinen arteko lankidetzaren emaitza” dela nabarmendu du eta aurki aparkaleku berri bat egiteko lanak hasiko direla iragarri du. Darpon sailburuak egin du hizketaldi luzeena, eraikinaren kudeaketan berritasunak egingo dituztela esan du, hala nola: telemedikuntza edo erizain zerbitzua indartu. Osakidetzak 1.568 euro inbertitu dituela pertsonako gehitu du Darponek eta “oraindik ere hutsuneak badaude ere”, osasunaren arloan lanean ari direnek jakin badakite, sailburuaren hitzetan, “behar guztiak ez daudela inoiz asebeteta”. Profesionalei keinua egin die berak ere. Azken hitzak izan dira Urkullurenak, aurrekoen ildotik joan da. Gertutasunetik ematen den arretari azpimarra egin dio, modernizazioaren bidearen garrantziaz mintzatu da eta profesionalen konpromisoa nabarmendu du, “eskualdeko bizilagunei kalitatezko zerbitzu bat emateko urrats berria eman dugu”.
Ospitaleko atzeko aldean kokatu duten eraikinera iristean protesta batzuk entzun ditu lehendakariak bertan zeuden ELA, LAB, Satse eta UGT-FSP sindikatuetako ordezkarien ahotik. Orain zazpi hilabete inauguratutako erresonantzia magnetikoak egiteko gailuak akatsak dituela salatu dute eta eraikina ospitaleko beste zatiarekin komunikatuta ez egotearen gaineko kezka agertu dute komunikabideei helarazitako oharrean.