Hiru final, eta hirugarrena ere Igor Esnaolarentzat
Igor Esnaola 2013an hasi zen segalaritzan lehiatzen. Ordura arteko trontzako ibilbideagatik —eta txapelengatik— zen ezagun. Hala ere, segan hasiz geroz dena irabazi du. Gipuzkoako txapeldun izan zen 2013an eta 2014an, eta aurtengo txapela ere jantzi zuen, igandean, Aian (Gipuzkoa). Horrez gain, Euskal Herriko txapeldun izan zen 2013an eta 2014an ere; aurtengoa jokatzeko dago.
Jarraitzaileak ohituta dauzkana baino alde txikiagoarekin, baina ez zuen hutsik egin Gipuzkoako Sega Txapelketan. Esnaolak gorputzaldi «justu samarrarekin» zihoala esana zeukan aurretik, baina azkenean legorretarrak jantzi du Gipuzkoako txapela, hirugarren aldiz jarraian.
Ordubeteko lanean, 2.266,5 kilo belar ebaki zuen Esnaolak. Txartel gorri bat erakutsi zioten epaileek, eta 20 kilo kendu zizkioten horregatik. Bigarren, 30 kilo gutxiagoarekin, Jesus Mari Ormaetxea Urki geratu zen (2.227 kilo). Sailez, bazirudien legorretarrak gehiago ebaki zuela, baina pisua bakarrik kontuan hartzen denez, baskulan asko hurreratu zitzaion Urki, azkenean. Penalizaziorik ez zuen izan, gainera.
Hirugarren Iban Pardo izan zen (2.107 kilo), eta laugarren Julen Gabirondo (2.049).
Oraindik sasoiz nahiko lukeena bezain ondo ez dagoela aitortu zuen, atzo, Esnaolak: «Ez nintzen aritu nahi bezala, justu aritu naiz. Belarra ez zegoen handia, eta karga gutxi hori abantaila zen; denentzat, egia esan. Fisikoki ez nago erabat gustura», zioen segalariak. Baztanen (Nafarroa) maiatzean Etxenikerekin jokatu zuen apustu gogor batetik gorputzaldia berreskuratu ezinean ibili da.
Uztailaren 26an, bi saio
Segan, orain Euskal Herrikoa du hurrengo hurrengo erronka. Kanporaketa uztailaren 26ko goizean da, Aiako (Gipuzkoa) Arizterratzu baserriko belardietan. Ordu erdiko lana izango dute.
Kasualitatez, egun berean, arratsaldean, Euskal Herriko Trontza Txapelketako finala du, Elizondon (Nafarroa). Santi Aizpuruarekin ariko da, iaz bezala. Bietara joateko asmoa dauka, nahiz eta jakitun den goizeko segako saioak “mugatu” dezakeela.