Legorretan frankismoaren errepresioari buruzko lana bihar aurkeztuko dute
Legorretaren euskal kulturaren eta hizkuntzaren aldeko berpizkundea nolakoa izan zen jasotzen duen liburua bihar aurkeztuko dute, herritarren aurrean. Legorretako Oroimen Historikoa taldeak liburu bat argitaratu du, 1960tik 1978ra bitarteko errepresio garaia, frankismoaren eragina eta aldi berean herrian sortu ziren kultur eta hizkuntza mugimendu euskaltzaleak erakusteko.
Liburuak Orratzak baino hariak luzeago behar du izan du izenburua, esaera zahar baten esanahia XX. mendearen bigarren erdiko kontestu soziopolitikoari emanez. Aurkezpena bihar 19:00etan izango da, Legorretako udaletxean.
Duela bi urte hasi zen oroimen historikoa lantzeko taldea agiriak biltzen eta legorretarren testigantzak jasotzen. 1931tik 1978ra arteko epearen berri izan nahi zuten. Emaitza bi euskarritan plazaratu dute: Hurrengo geltokia dokumentala editatu dute —apirilaren 18an eman zuten, plazan—, eta liburu formatuan bihar aterako dutena. Bestetik, Mikel Gerriko historialariak Errepublika garaiari eta 1936ko gerrari eta gerra ondorenari buruz (1942 arte) hitzaldia eman zuen ekainean. Interneten ere badute material erakusgarri sorta bat, legorretaoroituz.com webgunean. Argazki zaharrekin osatutako atala dago, tartean.
Legorretako Udalak bultzatu du ekimena. Liburua, berriz, Utriusque Vasconiaek atera du.
Frankismoaren eragina
Bi urteko lanketari «amaiera emango dion dokumentu idatzia» da liburua, lanaren egileek aurreratu dutenez. Jon Diaz Egurbide izan da liburuaren koordinatzaile, eta Mikel Gerriko eta Urko Etxeberria prestatzaile. Hala ere, lan-talde zabalagoa aritu da oroimen historia jasotzeko ekimenean lanean, 17 laguneko taldea, jakintza-arlo askotarikoa.
Liburuak hartzen duen epe historikoan, frankismoaren errepresioa landu dute, batetik. Erregimenaren indar armatuek zigortutakoen eta torturatutakoen zerrendak osatzen saiatu dira. Gerra ondoren jaiotako legorretarren testigantzak jaso dituzte, frankismoa besterik ezagutu ez, eta euskal kontzientzia berpizten hasi zireneko garaia kontatu dutenak.
Hala, beste alderdi garrantzitsu bat euskararen aldeko borrokak, ikastolaren sorrera edota langileen mugimendua nolakoak izan ziren azaltzea da.
Euskara, langileak, ikastola
«Euskal Herri bat bazela bai, baina ikurrinarik ez nuen ezagutzen nik, inondik inora», dio legorretar baten testigantzak, frankismo garaiari buruz. «Legorretan apustua langileena zen. Aberria eta abar bai, baina ETAk ez zeukan langileen indarrik», gogoratu du beste batek.
Grebak, atxiloketak, polizia-etxeetako tratu txarrak eta torturak, edo langileekiko errepresioa dira beste gai batzuk. Etxezarreta paper fabrikako grebei buruz, langile ohi batek zera dio: «Hamabost egunerrako lanean ari ziren, beraiek. Hamalau bidali gintuzten kalera, eta lehenengo gutuna niri bidali zidaten».
Ikastolaren sorrerari buruz, gurasoen aldetik baino indar gehiago gazteriak eta herriko mugimenduek egin zutela gogoratu du beste legorretar batek.