Ordizia Kirol Elkarteko Urpekoak saileko igerilariek Bartzelonan jokatuko den Espainiako Txapelketan parte hartuko dute asteburuan. Junior eta senior mailako proba izango da, eta «ikuspegi baikorra» agertu dute taldeko arduradunek. Izan ere, aurrekari onak dituzte; ekainaren 20 eta 21ean, infantil eta kadete mailako gaztetxoek maila ona eman zuten Alacanten jokatutako Espainiako Txapelketan. Ordiziako taldeko 12 igerilarik parte hartu zuten proba hartan. OKEko igerilariek, errelebo probetarako bi talde atera zituzten; neskek 7. postuan bukatu zuten eta mutilek 4.ean. Txapelketako taldekako sailkapenean 12. postuan gelditu ziren ordiziarrak.
Euskal Herriko Txapelketa
Bestalde, infantil mailako Euskal Herriko Txapelketa jokatu dute asteburuan. Eneko Etxeberriak, Iñigo Garciak eta Maddi Arratibelek markak hobetzea lortu zuten. Lander Iturriotzek, gainera, Espainiako Txapelketarako minima lortu zuen.