Bitan irabazle izan den gasteiztarrak laugarren aldiz parte hartu behar zuen Ehunmiliak proban, baina belaunean min hartuta dago eta azken unean ez dela etorriko esan du.
2014koa denboraldi emankorra izan zen zuretzat. Zortzi ultratan parte hartu zenuen, horietatik hiru 100 milietakoak. Tartean Ehunmilietako txapela jantzi zenuen bigarrengoz. Aurtengoa nola daramazu?
Aurreko urteetako estrategia berarekin jarraitzen dut. Buruan lau ultra egitea dut, baina denbora pasa ahala gehiago izaten dira beti. Ultra Trail Worl Tour Nazioarteko zirkuituko lau egitea da nire helburua, puntuak lortu ahal izateko gutxienez hirutan parte hartu behar baituzu: Transgrancanaria egin nuen martxoan, Lavaredo ekainean, Mont-Blancekoa abuztuan eta Japoniako Fuji mendikoa irailean. Eta uztailean, nola ez, Ehunmilietan izango naiz.
Eta emaitzak aldetik?
2013an zazpigarren bukatu nuen Transgrancanarian, eta aurten 13. postuan. Gero, Gasteizko 10 Mendiak egin nuen. Leitzan, Euskal Herria Mendi Erronkan, bigarren bukatu nuen, eta Italiako beste proba batean ere bai. Lavaredon belauneko minez lasterketa utzi nuen.
Elgoibarren lan egiten duzu, teknologia zentro batean. Nola moldatzen zara batetik bestera ibiltzeko?
Ahal bezala, puzzleak egiten. Proba batzuetarako har ditzakedan egun libreak hartzen ditut, eta Japoniara joateko oporretatik hartuko ditut egunak.
Prestaketa zure erara egin zalea zara, oso zorrotza izan gabe.
Saiatzen naiz, baina ez dut lortzen. Buruan prestaketa bat izaten dut, eta har dezakedan denboraren arabera plan bat egiten dut. Astean zehar Gasteiz inguruan ibiltzen naiz, eta asteburuetan Aratz-Aizkorrin. Azkenaldian, bakarrik ibili ordez, 50 kilometro inguruko martxetan parte hartzen dut. Eta neguan, iraupen eskia egiten dut.
Laugarren aldiz parte hartu behar duzu Ehunmilietan.Orain arte, bitan irabazi duzu eta beste batean bigarren izan zara. G2Hn behin parte hartu duzu, eta hura ere irabazi. Aurtengoari nola egin behar diozu aurre?
Beti bezala (barrez). Nire erritmoan hasi, eta nire erritmoan jarraitu. Erritmo eroso bat bilatzen saiatzen naiz, eta gero datorrena datorrela. Proba hauetan ziurtasunik ez dago, ez dakizu zer gertatuko zaizun kilometro batzuk aurrerago. Faktore askok eragiten dute. Lasterketan zehar urdaila ondo ez baduzu, esaterako, egindako lan guztia pikutara joan dakizuke.
Zergatik duzu horren gustukoa Ehunmiliak?
Irabazi nuen lehenengotako proba bat izan zen, espero gabe gainera. Etxeko lasterketa bat da, eta ibilbidearen zati asko ezagutzen ditut. Giroa oso ona izaten da, eta antzematen da jendeak lasterketa bizi duela. Antolakuntza oso ona da, eta zer esanik boluntarioen lana, asko mimatzen zaituzte. Aurreikusi ezin daitekeen bakarra eguraldia da.
Eguraldia aipatu duzula, ostiral gauean euria egin izan ohi du. Zuk zer duzu nahiago?
Euria eta behelainoa da gustatzen ez zaidana, batik bat jaitsierei begira. Arropa bustia, arriskua… Eguzkiarekin disfrutatu egiten dut, eta gaua argia baldin bada, gozatua hartzen dut.
Eta ibilbideko unerik gogorrena zein egiten zaizu?
Azken kilometroak dudarik gabe. Gora behera asko ditu. Zabortegia da dudan erreferentzia bakarra, eta helmuga gertu dagoela. Gainontzean, ostiral gaueko ibilbidea ondo ezagutzen dut, lagunak ditut inguruan. Gaueko zenbait momentu egoera jakin batzuekin lotzen ditut. Egia esan, gaua gustatzen zait. Eta Txindokira igo aurretik, etxean gosaltzen arituko banintza bezala sentitzen naiz: kafea, gozo pixkat… Horrenbeste urte eta gero, erritual baten modukoa da.
Zenbat geldialdi egiten dituzu?
Juxtukoa. Ura eta jan pixka bat hartzeko bakarrik. Etzegaraten zerbait gehixeago, baina anoa-guneetan asko gelditzen bazara denbora asko galtzen duzu.
Helmugara aurpegi onarekin iritsi ohi zara.
Irabazi nuen lehen urtean euforiko sartu nintzen, eta iaz ba… banekien irabaziko nuela, eta orduan aurpegia garbitu-eta egin nituen argazkietarako (barrez).
Probaren errekorra Imanol Alesonek du.
Horrelakoekin itsutzen denetakoa zara? Ez, pizgarri bat izan daiteke, baina ez. Errekorrak errepiderako utziko nituzke, mendian faktore gehiegik eragin baitezakete. Imanol, gainera, laguna dut.