Joxe Manuel Bereziartua ‘Bere’: udako artista
Uda eguzkiaren, hondartzaren, izozkien… urtaroa da. Baita kaleko artistena ere. Goierri ez da Benidorm, baina hemen ere badaude kaleko artistak. Joxe Manuel Bereziartua Bere urretxuarrak, adibidez, urte mordoxka darama hondartzetan
Uda eguzkiaren, hondartzaren, izozkien… urtaroa da. Baita kaleko artistena ere. Goierri ez da Benidorm, baina hemen ere badaude kaleko artistak. Joxe Manuel Bereziartua Bere urretxuarrak, adibidez, urte mordoxka darama hondartzetan eta festetan karikaturak marrazten. Kantauri itsasoko hondartza askotan lan egin du eta baita Mediterraneoan ere.
Bereziartuak 20 bat urterekin ekin zion lan honi. «Kalean marraztea dirua ateratzeko modu bat da. Hasieran, lurrean margotzen nuen: beste batzuek santuak marrazten zituzten eta nik rock kantariak eta aktoreak. Garai batean modan egon zen lurrean marrazkiak egitea. Gaur egun, ez da inor horretan ikusten. Egia esan, oso gogorra da lurrean botata marraztea. Horregatik erabaki nuen karikaturak egiten hastea».
Gaztetan, Kantauri kostalde ia osoa zeharkatu zuen. «Galiziaraino joan nintzen. Barrualdean ere lan egin dut. Iruñean, adibidez. Dena den, Donostian lan egiten dut batez ere: portuan, Gipuzkoa plazan…». Kalean marraztea asko gustatzen zaio. «Dirua lortzeaz gain, jendearekin oso harreman polita sortzen da. Udaltzainei batzuk haserre joaten zaizkie, baina guri denak pozik etortzen zaizkigu. Izan ere, oporretan daude eta umore onez».
Jendea udaltzainekin haserretzen da… eta udaltzainak kaleko artistekin. «Donostia kaleko artistentzat oso plaza ona da, baina udaltzainekin arazoak izaten ditugu. Gure jarduera ez dago arautua eta kalea okupatzen ari garela esaten digute. Eskaleak izatea ere leporatzen digute. Gure jarduera arautzea behar dugu. Kalean lan egiteagatik ordaindu behar badugu, ordainduko dugu, baina utzi diezagutela lan egiten. Mediterraneoan gure lana arautua dago».
Hamaika anekdota bizi izan ditu. «Donostian hilabete osoa eman nuen inongo arazorik gabe lanean eta halako batean udaltzain bat etorri zen. Baimenik gabe kalea okupatzen ari nintzela esan zidan. Isuna eman zidan, baina ez ninduen bidali. Izan ere, jende guztia berarekin haserretu zen eta ospa egin zuen. Nola liteke isuna jartzea eta ez bidaltzea?».
Batzuetan, gutxitan, bezeroak ere haserretzen zaizkio. «Ni naiz nire kritiko zorrotzena, baina batzuetan karikatura on bat egin eta bezeroari ez zaio gustatzen. Behin, emakume bati ahalik eta zimur gutxien jartzen saiatu nintzen eta zimur asko jarri nizkiola esan zidan! Gainera, batzuek inoiz ez dute beraien burua ondo ikusten».
Bezero onenak haurrak direla dio. «Karikaturen %90 umeenak dira. Oso esker onekoak dira. Gainera, trikimailuak erabiltzen ditut. Jendea ez da hurbiltzen ez bazaitu lanean ikusten. Hori dela eta, lanik ez dudanean, haur bat nire ondoan eseri eta karikatura doan egiten diot». Aurrera begira, egitasmo ezberdinak ditu. Horietako bat, bertso-karikatura da: karikatura egin eta ondoren bertsolari batek bezeroari bertsoa abestea. Enkarguak ere hartzen ditu.