Ikasturtea amaitu arren, ikasten jarraitzeko modua dute haurrek udan ere. Eskolan asko lantzen ez dituzten hainbat gaietan sakontzeko aukera ematen dute udaleku batzuek, adibidez, teknologian edo musikan. Eta, gainera, gozatuz.
Zaldibiako haurrak garia jotzen, Beti Gazte jubilatu elkartekoekin. / Zaldibiako Udala
Ekainarekin batera bukatzen da ikasturtea ere eskoletan. San Joan sutan erretzen dituzte batzuek koadernoak, dena gainditu dutenek edota ikasketez ahaztu nahi dutenek. Ongi gordetzen dituzte beste batzuek, hurrengo ikasturtean beharko dituztela antzemanda. Dena den, kasu batean ala bestean, udako hilabeteetan ez dute eskolarik izaten haurrek. Ez eskola tradizionala, behintzat. Izan ere,
ikasteko eta hezteko beste modu bat izaten dute eskura: udalekuak.
Uztailean izaten dira udaleku gehienak, goizetan. Gurasoak lanean diren bitartean haurrek zereginen bat izatea da helburuetako bat. Baina baita haurrak heztea eta eskolan gutxi lantzen dituzten beste alor batzuetan sakontzea ere. Musikan edo teknologian, esaterako.
Ordiziako Goierri Eskolan, adibidez, kanpamentu teknologikoa egiten ari dira hirugarren urtez, zazpi eta hamasei urte bitarteko haurrei zuzenduta. Camp Tecnologiko enpresak antolatzen du
kanpamentu teknologikoa, Goierri Eskolarekin elkarlanean. Aurten 39 haur eta gaztek eman dute izena.
Teknologiaz gehiago ikasteko aukera dute kanpamentu teknologikoan parte hartzen dutenek, eta talde lana sustatzen da. «Gaztetxoei ez zaie dena eginda ematen; eskatzen dieguna lortzeko pentsatu egin behar dute», adierazi du Kepa Ayala hezitzaileak. Hainbat proiektu garatzen dituzte haur eta gazteek:
robot bat eraiki eta programatu, mapak garatzen ikasi… Eta hori guztia, teknologiarekiko interesa pizteko helburuarekin. «Gozatuz ikasten dute», dio Ayalak. Udalekuen azken egunean gurasoak gonbidatzen dituzte, seme alabek egindako lanak ikus ditzaten.
Goierri Eskolako kanpamentu teknologikoak. / Hitza
Udaleku musikalak Zumarragan
Teknologiarekin gozatzen pasatzen dituzte uztaileko goizak batzuek, eta
sormena artistikoa lantzen beste batzuek. Zumarragako Secundino Esnaola musika eskolak, izan ere, udaleku musikalak antolatzen ditu Zumarragako eta Urretxuko udalen laguntzarekin. Astelehenean hasi zituzten udalekuak, eta bi asteko iraupena izango dute. Bi eta hamabi urte bitarteko haurrak ari dira parte hartzen.
Musika tresna ezberdinak landuko dituzte bi aste hauetan, baina ez hori bakarrik.
Dantza ere egingo dute, musikak sentiarazten diena gorputzaren bidez adieraziz. Abestiak ere ez dira faltako, eta antzerkiak ere izango du bere lekua udaleku hauetan.
Kanpamentu teknologikoan bezalaxe, gurasoei ikasitakoa erakusteko aukera izango dute udaleku musikaletan parte hartzen ari diren haurrek ere. Uztailaren 17an egingo dute musika eta antzerki
emanaldia, Urretxuko Labeaga aretoan, 16:00etatik aurrera.
Belaunaldien arteko transmisioa Zaldibian
Teknologia, musika… eta zergatik ez landu belaunaldien arteko ezagutzen transmisioa? Horixe egin dute Zaldibian, Beti Gazte jubilatu elkartearen ekimenez. Beren ezagutza herriko haurren eskuetan jartzeko gogoa erakutsi zuten iaz elkartekoek, eta
ogia nola egiten den erakustea erabaki zuten, garia ereitetik hasi eta ogi egin berria labetik ateratzeraino.
Iaz hasi zuten transmisioa. Garia erein zuten Zaldibiako edadetuek eta haurrek, denek batera. Herenegun, berriz, iaz landatutako
garia moztu zuten. Edadetuek moztu zuten garia, eta haurrak adi adi egon ziren, begira. Garia jotzea izan zen haurren lana. Zortzi urte bitarteko 60 haur inguruk parte hartu zuten, eta gogotsu aritu ziren garia gotzen.
Behin soroko lanak amaituta, gari hori irin nola bihurtzen zen azaldu zieten edadetuek haurrei. Arratsaldean ogia egin zuten denek batera, eta dastatzeko aukera ere izan zuten.
Prozesua lehen pausotik amaierara bizi izan dute, hortaz, Zaldibiako haurrek: eurek ereindako garia hazten ikusi dute, moztu egin dute, eta ogia egin.
Udako goizak ikasiz eta gozatuz pasatzeko hiru modu dira horiek, zein baino zein desberdinagoak. Eta, noski, beste hainbat udaleku eta udako ekintza ezberdin izango dira Goierrin. Uztailean zehar ehunka haur goierritar parte hartzen ari dira ia herri gehienetan antolatzen dituzten udako aisialdi programetan.
Jolasak, irteerak eta beste hainbat ekintza egiten dituzte udaleku horietan haurrek. Gaztetxo asko, berriz, haientzako prestatutako udalekuetara joaten dira, kanpoko herriren batera. Jende berria ezagutzeko aukera paregabea izaten da.