Abiatu dira Ehumiliakeko korrikalariak
Guztira 272 lagun irten dira, horietatik hamalau goierritarrak.
Seietan puntuan abiatu dira Ehunmiliak lasterketako parte hartzaileak Besaingo plazatik. Guztira 272 korrikalari abiatu dira, horietatik hamalau goierritarrak. Giroa bero-beroa izan da irteeran, bai tenperatura aldetik —30 gradutik gora—, baita jendearen animo oihuengatik ere. Bozgorailuetatik jakinarazi dutenez, dena den, ordu batzuen buruan hamar bat gradu behera egingo du tenperaturak.
Lasterkariek 168 kilometro dituzte oraindik aurretik. Usurbera bidean dira orain, eta Mandubiatik pasako dira gero. Bizkorrenak bihar arratsaldeko bosterdiak alderako iritsiko dira helmugara.
Imanol Aleson –2010 eta 2013ko irabazlea— eta Iñaki Catalan daude faboritoen artean, gizonezkoetan. Emakumezkoen artean, berriz, ikusteko dago zeinek osatuko duen aurten podioa. Izan ere, iazko lehen hiruek ez dute parte hartuko aurten, Goierriko Bi Handiak proban aterako baitira.
Goierriko Bi Handiak probaren irteera gauean izango da, 23:00etan. Aurten, lehen aldiz, Euskal Herriko ultratrail txapelketa izango da.