Ataunen gaueko ibilaldi mitologikoa egingo dute, bihar
Jentilbaratza kultur elkarteak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak IV. Gau Ibilaldi Mitologikoa prestatu dute. Bihar, larunbata, 20:30ean abiatuko dira bisitariak txangoan, bi taldetan banatuta, Ataungo San Gregorio auzoko Barandiaran Museoaren aurretik. Ibilbidea herri-bide zaharretik egingo dute, 3 bat kilometroan, eta 23:30a aldera bukatuko da, San Martin auzoan, udaletxearen aurrean.
Euskal mitologiaren erakusgarria izango da. Bost antzezpen egingo dituzte Jentilbaratzakoek, beste horrenbeste gunetan. Euria eskatzeko edo ekaitzen aurka antzina egiten ziren errogatibak irudikatuko dituzte hasieran; jentilak, lamiak, sorginak eta beste izaki mitologiko batzuk azalduko dira gero, bidean barrena. Joxe Migel Barandiaran antropologoari ere eskainiko diote pasarte bat. 1936ko gerraren ondoren, Lapurdin exiliatuta zegoela, II. Mundu Gerran judutar bati naziengandik ihes egiten nola lagundu zion kontatuko dute.
Bisitari andana espero da, biharko ere. Aurreko ekitaldiak oso jendetsuak izan ziren (800 bat lagun, iaz). Garraio zerbitzua jarriko dute. 19:30etik aurrera, San Martindik autobusak ibiliko dira, jendea ibilbidearen hasierara eramateko. Bukatutakoan, autoa San Gregorion utzi dutenentzat ere itzultzeko garraioa jarriko du antolakuntzak. Haurrentzat ere ekimen egokia da, eta haur-aulkiak eramateko ere ez dagoela bidean eragozpenik esan dute antolatzaileek, zati txiki batean izan ezik.
Bestetik, bai abiatu aurretik, bai bukatu ondoren, jatekoa eta edatekoa aterako dute. Guztia doan da, bai ibilaldia, garraioa eta jatekoa.
Gaueko ibilaldiaz gain, egunean zehar ere ikusgarri gehiago izango dira, larunbatean, Ataunen. Goizetik irekita egongo dira Barandiaran Museoa, XVII. mendeko errotatxoa eta XX. mende hasieran eraikitako zerrategi hidraulikoa. Horiek ere doan bisitatu ahalko dira. Arratsaldean, berriz, Ataungo Organo Barrokoaren Nazioarteko IX. Jaialdiko lehenengo kontzertua entzuteko aukera ere badago, 18:00etan, Tourseko San Martin elizan.
Bihar, 20:00etan, Jentilbaraza elkarteak udaberrian egin zituen I. ipuin eta marrazki lehiaketen sariak banatuko ditu, Barandiaran Museoaren atarian.