Ehunmiliak, G2H eta Marimurumendi proben jarraipena, ‘goierri.hitza.eus’-en
Hiru probei buruzko xehetasun guztiak Internet bidez emango ditu beste urte batez, asteburu honetan
Beasaindik abiatuko diren hiru lasterketak gertutik jarraituko ditu Goierriko Hitzak. Interneteko goierri.hitz.eus atari digitalaren bidez, Ehunmiliak, G2H nahiz Marimurumendi proben jarraipen berezia egingo du.
Dagoeneko atari digitalean ikusgai daude proboren aurkezpen ekitaldia, elkarrizketak nahiz beste hainbat xehetasun. Era berean, ostiraletik igandera proba bakoitzaren irteera helmugan, nahiz ibilbideko hainbat puntu esanguratsutan izango da Hitza, berri guztiak gertutik emateko. Unean uneko informazioa, argazkiak nahiz bideoak jasoko ditu.
Proben antolatzaileek ere www.ehunmilak.com atariaren bidez proben jarraipen zehatza egingo dute, lasterkarien jarraipena egiteko prestatu dituzten bi zerbitzu bereziez gain. Eguneko albisteak, proben jarraipena nahiz sailkapenak jasoko dituzte atari digitalean.
Sare sozialetan
Internet bidezko jarraipenean, leku esanguratsua izango dute sare sozialek. Goierriko Hitzak Facebook eta Twitter (@GoierriHitza) kontuen bidez lekuan lekuko xehetasunak emango ditu. Proben jarraipenerako erabiliko diren traolak ondokoak izango dira: #ehm15, #g2h15 eta #mm15. Antolatzaileek #zuzenekojarraipena traola ere erabiliko dute.
Probaren ikusleek ere egin dezakete euren ekarpena eguneko jariora. Twiterrera argazkiak igoz gero aipatu @GoierriHitza. Emailez goierri@hitza.eus helbidera bidal daitezke, bestalde, argazkiak edo bideoak. Asteartean, berriz, ohiko moduan argitaratuko den Goierriko Hitzaren papereko edizioan probaren ondorena jasoko dugu. Irabazleak, haien lehen adierazpenak, sailkapenak nahiz bestelako erreakzioak.













