Dena estaltzen duen txapela
Martxoaz geroztik dago zabalik Euskal Herriko Trail Estazio bakarra. Mendian korrika egiteko prestatuta dagoen eremua da, eta balizaje ofiziala duten 16 ibilbide ...
Martxoaz geroztik dago zabalik Euskal Herriko Trail Estazio bakarra. Mendian korrika egiteko prestatuta dagoen eremua da, eta balizaje ofiziala duten 16 ibilbide egin daitezke Aralar eta Aratz-Aizkorri natur parkeetan barrena –279 kilometro guztira–. Abaltzisketa-Larraitz eta Zegama dira trail estazioaren harrera guneak, eta Tolosaldeko zein Goierriko informazioa zabaltzeaz gain, dutxa, aldagela eta gimnasio zerbitzuak eskaintzen dituzte. Bi guneak 35 kilometroko ibilbide batek lotzen ditu.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 35.000 euro bideratu ditu trail estazioa martxan jartzeko, eta beste 20.000 bide guztiak behar bezala markatzeko. Proiektu honen helburu nagusietako bat turistak Gipuzkoa barnealdera erakartzea da. Natur eta kirol turismoa gero eta indar gehiago hartzen ari den turismo mota bat da, eta arduradunen esanetan, trail estazioak urtean 50.000 erabiltzaile inguru izango ditu.
Balio erantsia
Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak gogoratu du 14 urte daramatzatela Zegama-Aizkorri babesten, eta orain sei urte sortu zenetik, baita Ehunmiliak proba ere. Goitur bi ildo nagusiren inguruan ari da lanean: Gastronomiaren kasuan, Idiazabal lurraldea; eta naturaren kasuan, Basque Highlands. «Aralar eta Araitz-Aizkorri natur parkeak baliabideak dira, eta sortu dugun azken produktua trail estazioa izan da. Naturaren arloko eskaintza turistikoa osatzeko aukera ematen du. Azkenean, dena estaltzen duen txapela da».
“Urte guztian natur turismoaz gozatzeko aukera ematea da estazioaren helburua”
Niko Osinalde / Goitur turismo elkartea
Trail estazioen eredua Frantziatik hartu dute, eta Espainia mailan dagoen bakarra da. «Zegama-Aizkorri eta Ehunmiliak hiru egun dira urtean, bi ikur dira, baina helburua da urte guztian zehar natur turismoaz gozatzeko aukera ematea. Mendia alde guztietan dago, baina trail estazioak balio erantsia ematen dio». Osinalderen esanetan, «erakargarritasun handia» duen produktu turistikoa da estazioa. «Mendiko probetara etortzen den jendea da errazena fidelizaziorako. Hori horrela da».
Ekonomian duen eragina
Bi probek Goierriko turismoan duten eragin ekonomikoa neurtzea «zaila» da, baina alojamenduen okupazioa «erabatekoa» da. «Zegama-Aizkorrin egindako inkestaren arabera, korrikalari bakoitzak 2-3 pertsona ekartzen ditu. Otorduetan 146 euro gastatzen du bakoitzak, eta 129 alojamenduetan». Ehunmiliekin ere erka daitezke datuok.
EH-ko trail estazioa
- Harrera guneak:
- Bi gune. Aralar (Larraitz-Abaltzisketa) eta Aizkorri (Zegama).
- Informazioa webgunean. www.stationdetrail.com
- 16 ibilbide balizatu:
- Aralarko trail ibilbideak. Ausa Gaztelu; Ganbo; Meategiak; Igaratza; Pikueta; Aralarko bira; eta Larraitz-Zegama.
- Aizkorriko trail ibilbideak. Aizkorripean; Arranoaitz; Urbia; Aizkorri; Aratz; eta Zegama-Aizkorri.
- Entrenatzeko 3 trail taller. Zirkuitu luzea (Aizkorri) eta Trail zirkuitua eta Aldapa (Aralar).
- Hiru kilometro bertikal. Aizkorri eta Donejakue (Aizkorri) eta Txindoki (Aralar).