Imanol Aleson eta Jaione Sasieta izan dira Ehunmilien irabazleak. G2Hn, berriz, Iokin Garai eta Silvia Trigueros izan dira onenak, errekor berriak jarriz
«Oso ona, bikaina» da Mikel Valdivielso Valdi-k Ehunmilietako seigarren edizioari buruz egiten duen balorazioa. «Urtero bezala sufritu ere egin dugu, eta sortutako arazoak ondo kudeatu ditugula uste dut. Orokorrean balorazioa oso ona da». Eguraldiari ere aipamena egin dio Ehunmilien lasterketa buruak, batik bat aurrekoetan egindako giroarekin alderatuz. «Denek disfrutatu dute, bai korrikalariek, bai boluntarioek eta baita ikusleek ere». Boluntarioen lana eta ilusioa ere nabarmendu ditu: «Harrigarria da jendeak urtez urte duen ilusioa, bai lasterketa aurreko egunetan, baita proba egunetan ere. Askok esan didate datorren urterako prest daudela, eta eskertzekoa da».
Probei dagokionez, Ehunmilietan eta Goierriko Bi Handietan ez da aparteko ustekaberik izan, ez bada G2Hn lortutako denborak «Inoiz ez bezala egin dute korrika». Eta Marimurumendi maratoiari buruz, Valdik adierazi du «bete-betean asmatu» dutela. «Igande goizak tristeak izan ohi ziren orain arte, eta proba honek bultzada eman dio. Maratoi erraz eta ikusgarria antolatu dugula uste dut». Zazpigarren ediziorik izango den galdetuta, Valdik aurreratu du uztailaren azkenean egingo dute balorazio sakonago bat egiteko bilera. «Nola gauden ikusi beharko dugu. Proiektu hau hazten doa, balorazio ekonomikoa ere egin beharra dago, babesle garrantzitsuenek jarraituko duten ere bai. Gauza asko dira». Datozen asteetan zerbait aurreratzeko moduan izango dira.
Alesonek hirugarrengoz
Eta lasterketei dagokionez, ohi bezala, Ehunmiliak proba izan zen abiatzen lehena, ostiral arratsaldean. 254 mendi-lasterkari abiatu dira aurten, horietatik 12 emakumezkoak. Bero egiten zuen artean. Hasieratik bospasei korrikalari nabarmendu ziren. Probaren erdian, Juan Carlos Sagastume guatemaldarra –azkenean 5. sailkatu zen– pasa zen lehena zazpi kontrol postutatik, baina Etzegaraten aurre hartu zioten Imanol Aleson azkoitiarrak eta Jerome Rodrigues portugaldarrak, eta hortik aurrerako bien arteko lehia izan zen. San Adrianen Rodrigues zen aurretik, baina azken kontrol guneetan Aleson pasa zen aurrena. 24:11:29ko denbora markatu zuen helmugan. Arratsaldean beroarekin, eta gauean iluntasunarekin «sufritu» arren, orain arteko edizioetatik «gehien gozatu duena» izan da aurtengoa azkoitiarrarentzat. Hirugarren txapela du, 2010ean eta 2013an ere irabazle suertatu baitzen.
Jaione Sasieta txapeldun
Bigarren Jerome Rodrigues sailkatu zen, Alesonegandik 17 minutura, eta hirugarren Joan Marc Falco, Malagan bizi den valentziarra (25:01:13). Esker oneko hitzak izan zituen antolatzaile eta boluntarioentzat. «Asko gustatu zait proba». Haren hitz-jarioa txaloz eskertu zuten ikusleek. Iaz bezala, lehen goierritarra Adur Mendizabal zaldibiarra izan zen, 7. postuan. Ia hiru orduan hobetu zuen iazko marka. Bere denbora: 25:22:17.
Seigarren parte-hartzean txapela lortu duena Jaione Sasieta ezkio-itsasoarra da. Lehen lauetan podiumera igo zen, eta iaz laugarren sailkatu zen. Egindako lanari meriturik ez zion kendu, baina adierazi zuen txapela lortu zuela iazko podiumean izan zirenak G2Hn parte hartzea erabaki zutelako. Antolatzaileak «asko poztu» ziren Sasietari sari nagusia emanda, urte hauetan guztietan erakutsitako konpromiso eta erregulartasunaren erakusgarri. Ehunmilietan abiatu ziren 254 korrikalarietatik 157 iritsi zen helmugara.
G2H, inoiz baino azkarrago
Marka guztiak hautsi zituen proba Goierriko Bi Handiak izan zen. Sekula baino parte-hartzaile gehiago –442 abiatu ziren azkenean, eta 80 erretiratu ziren lasterketan zehar–, eta lortutako denborak ere nabarmentzeko modukoak. Lasterkariak ostiralean, 23:00etan, irten ziren Beasaindik, eta larunbat goizean, 09:15erako helmugan zen Iokin Garai irabazlea. Oñatiarrak 10:13:50ko denbora egin zuen, errekor berria jarriz. Ion Azpiroz berastegiarra eta Pedro Etxeberria zumaiarra –iazko irabazlea– igo ziren harekin podiumera. Nesketan estu-estua izan zen lehia Silvia Trigueros eta Aitziber Osinalde legazpiarraren artean, baina azkenean Abadiñokoa sartu zen aurretik, 12:15:34ko denborarekin. Osinaldek ordubetean hobetu zuen iazko bere denbora. Hirugarren Elena Calvillo beasaindarra izan zen. G2H Euskal Herriko Ultratrail Txapelketa ere bazen aurtengoan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.