Legazpi hamahiru udal batzordetik hirura pasako da
Legazpiko Udalak batzorde informatiboak sortu eta osatu ditu eta organoetan ordezkariak izendatu ditu. Legealdi honetan udalak funtzionamendu berria izango du: udal gobernu batzordea eta zuzendaritza taldea sortu dira. Gainera, hiru batzorde bakarrik egongo dira. EAJk eta PSE-EEk funtzionamendua eraginkorragoa izango dela uste dute eta EH Bilduk kontrakoa.
Udal gobernu batzordea Koldobike Olabide alkateak, Javier Iraeta 1. alkateordeak, Eric Galvez 2. alkateordeak, Iñigo Imaz 3. alkateordeak, idazkariak eta kontu hartzaileak osatuko dute. EH Bilduk, PSE-EEk eta Irabazik hitza edukiko dute, baina ez botoa. Udal gobernu batzordeak alkateak delegatutako eskumen batzuk izango ditu.
Zuzendaritza taldeari dagokionez, alkateak, hiru alkateordeek, idazkariak, kontu hartzaileak, arkitektoak eta gizarte zerbitzuetako arduradunak osatuko dute.
Bestalde, hiru batzorde informatibo egongo dira: Antolaketa, Herritartasuna eta Lurraldetasuna. Antolaketan, Barne Antolaketa (Olabide), Langileak (Olabide), Ekonomia eta Ogasuna (Olabide), Berrikuntza (Ane Urkiola) eta Herritarren Arreta eta Parte Hartzea (Iraeta) azpibatzordeak sartuko dira.
Herritartasuna delakoan, Gizarte Ekintza, Berdintasuna eta Lankidetza (Iraeta), Kultura, Euskara eta Aisia (Imaz), Gazteria eta Hezkuntza (Galvez), Kirola (Imaz) eta Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila (Imaz) daude.
Bukatzeko, Lurraldetasunaren barruan Hirigintza eta Etxebizitza (Galvez), Obra eta Zerbitzuak (Galvez), Industria, Merkataritza eta Turismoa (Galvez), Ingurumena (Urkiola), Nekazaritza (Urkiola) eta Mugikortasuna eta Garraioa (Imaz) daude.
EAJk eta PSE-EEk antolaketa berriaren alde bozkatu zuten eta EH Bildu eta Irabazi, berriz, abstenitu egin ziren.
Gobernu taldeak (EAJ) eta PSE-EEk funtzionamendu berriarekin lana sinplifikatu egingo dela eta kudeaketa eraginkorragoa lortuko dela uste dute. «2014an batzordeek 83 bilera egin zituzten eta hemendik aurrera urtean 33 egingo dituzte».
EH Bilduko bozeramaileak, Kepa Urtzelaik, aldaketa «garrantzitsua» dela eta erabakia hartu aurretik gainontzeko alderdiekin eta herritarrekin landu behar zela esan zuen. Bere ustez, kudeaketa ez da eraginkorragoa izango. «Orain arte baino bilera gehiago egongo dira, batzordeen bilerei azpibatzordeenak gehitu behar baitizkiegu. Langile batzuek bilera asko izango dituzte, gobernu batzordean eta zuzendaritza batzordean ere parte hartuko baitute».
Olabidek azpibatzordeak ez direla orain arteko maiztasunarekin bilduko esan zion. «Sistema berriaren jarraipena egingo dugu, baina teknikariek aurreko legealdian hasitako lanaren jarraipena besterik ez da. Helburua teknikariek administrazio lanetara denbora gutxiago bideratzea da eta teknikariak sistema honekin ados daude. Gainera, eredu hau dagoeneko beste herri batzuetan abian da eta emaitza onak ematen ari da. Bartzelonan, adibidez, lau batzorde bakarrik dituzte».
Udalak organoetan izango dituen ordezkarien inguruan ere eztabaida egon zen. Sasietan alkatea eta PSE-EEko Oscar Valbuena izango dira ordezkariak eta Iraeta eta PSE-EEko Alonso ordezkoak. Lenburren, alkatea, Alonso eta Irabaziko Bezunartea izango dira ordezkariak.
EH Bilduk Sasietako ordezkariak Urtzelai eta Bezunartea izatea eta ordezkariak EH Bilduko Sagrario Etxabe eta Gorka Iñurritegi izatea proposatu zuen. «Bi alderdi bozkatuenak egon beharko lirateke ordezkatuta, baina ikusita EAJk gobernatzen duen herrietan zabor kontuan zer egiten den, beste proposamen bat aurkeztuko dugu».
Irabazik, berriz, ordezkariak Olabide eta Urtzelai izatea eta ordezkoak Valbuena eta Bezunartea izatea proposatu zuen. EAJren proposamena nagusitu zen, PSE-EEren babesarekin.
Azkenik, EH Bilduk harrigarritzat jo zuen Lenbur Fundazioan ordezkaririk ez izatea. «EH Bilduk 1.700 legazpiar ordezkatzen ditu eta ez du ordezkaririk. PSE-EE eta Irabazik 1.000 legazpiar ordezkatzen dituzte bien artean eta ordezkari bana dute». Olabidek PSE-EE eta Irabazi beraien programetan Lenbur berpiztearen alde azaldu zirela gogoratu zion. «Gu ere Lenbur bultzatzearen alde gaude, baina ez orain arte egin den bezala», erantzun zuen Urtzelaik.
Ordizian, bihar, 19:00etan, egingo dute osoko bilkura. Han ere batzorde informatiboak eratuko dituzte eta organoetako ordezkariak izendatu. Gainera, alkate batek eta zinegotzi batek dedikazio esklusiboa izatea eta beste batek %50ekoa izatea eztabaidatuko dute.