Donostiako arkitektoa
Migel Imaz ataundarra XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako Donostiaren garapen urbanistikoaren aita izan zen. Berak egin zituen Donostiako eraikin garrantzitsu asko.
...Migel Imaz ataundarra XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako Donostiaren garapen urbanistikoaren aita izan zen. Berak egin zituen Donostiako eraikin garrantzitsu asko.
Migel Imaz Apalategi Ataungo Arrondo auzoko Estrada berri etxean jaio zen 1873an. Dozena bat urterekin, herriko harrobi batean hasi zen hargin lanbidea ikasten, eta 1890ean Donostiara joan zen lanera. Arte eta Lanbide Eskolan aljebra, matematikak eta marrazketa ikasketak egin zituen lanean ari zen bitartean. 1890-1891 ikasturtean, berriz, Industria eta Eraikuntza Arteetako sailean hasi zen ikasten. Arte eta Lanbide eskolan hiru ikasturte igaro ondoren, arduradun jarri zuten.
1864an Donostian harresiak bota ondoren, hiria zabaltzen eta hazten ari zen Amara, Gros eta Antiguo aldera. Donostia modernoaren garapenean lan garrantzitsua egin zuen Imazek. 1900 eta 1905 artean, Miguel Imaz y Sociedad elkartea sortu zuen bere lanbide berdineko lagun batzuekin. Donostiako Udalaren enkarguz egindako lehen lana San Bartolomeko muinoaren ebaketa izan zen, 1908-1915 artean. Gainerako lanak errenkadan etorri ziren. Kursaal kasinoaren inaugurazioaren ondoren gauzak okertzen hasi zitzaizkion Imazi. Krisialdi ekonomiko larria piztu zen Espainian eta Europan. Ekonomia krisiari jokoaren debekua ere gehitu zitzaion.
Donostiarren esker onaren adierazgarri, Grosen, ataundarraren izeneko kalea dago. 1925eko ekainaren 6an hil zen Urnietan (Gipuzkoa), trenak harrapatuta.
Donostian Imazek egindako lanak
San bartolome. 1908-1915. Amara berri aldera Easo kalea luzatzeko San Bartolomeko muinaren ebaketa lanak egin zituen.
Pasealeku berria. 1916-1919. Urgull mendiaren magalean Pasealeku berria egiteko lanetan parte hartu zuen Imazen elkarteak, pasealekua babesteko horma egin zuten.
Maria cristina hotela eta victoria eugenia antzokia. 1910-1912. Europako hiri turistiko garrantzitsuenen pare jartzeko, luxuzko hotela eta antzokia eraiki zituen.
Justizia jauregia. 1909. Hormigoi armatua ez zen asko erabiltzen inguruan baina Imazek bere abantailak ezagutzen zituen. Hormigoi armatuzko zoruak egin zituen justizia jauregian.
Zurriolako zubia. 1918-1921. Groseko zabalduran parte hartu zuen: Urumea ibaiaren bideratze lanak egiteaz gain, Zurriolako zubia ere egin zuen.
Kursaal kasinoa. 1916-1922. Kursaal kasinoaren eraikuntzak dotorezia edo ukitu berezia eman zion Grosi. Lursailen prezioa ere ia bikoiztu egin zen ondorioz.