Diagnosia egingo dute lehenengo, udal barruan eta herriko eragileen artean. EH Bildurentzat berri ona da eta duela lau urte ere, Kultura eta Euskara bereiztea eskatu zuela gogorarazi du.
Mintzodromoa egiten dute Beasainen Euskararen egunean.
Beasaingo Udalaren erronka nagusienetako bat euskararen erabilera areagotzea izango da. Euskara saila Kultura sailetik bereiziz, Hizkuntza Politika batzordea sortu dute. «Euskarari ikuspegi berri bat eman nahi diogu. Adibidez, iruditzen zaigu liburu azoka ez dela euskarako gai bat. Euskararen gaiari normaltasuna eman nahi zaio», dio Aitor Aldasoro alkateak. Aldasoro bere izango da batzordeburua.
Berdintasuna den bezala, euskara udal politikaren zehar lerroa izango da: «Euskara eta berdintasun irizpideak arlo guztietan jarriko ditugu, bai udal barruan, eta bai udaletik kanpo».
Diagnosia eta lehentasunak
Lehenengo lana, diagnosia egitea izango da; udal barruan zein herrian. «Udalean sailez sail lehendabizi, eta herriko eragilez eragile gero». Hortik zehaztuko dira lehentasunak eta lan ildoak. «Teknikariak izango dira irtenbideak bilatu behar dutenak».
Euskararen erabilera areagotzeari eman nahi diote indarra, Jaurlaritzak ere kale erabilera dauka-eta lehentasun bezala jarrita. «Dakitenen erdiek edo gutxiagok erabiltzen dute euskara. Beraz, dakiten horiek euskaraz jartzea da erronka», dio Aldasorok. Erdaldunen ikuspegia egitasmo horretan integratzea ere garrantzitsua ikusten du alkateak: «Entzun egin behar zaie haiei ere».
Norabide berean lan egiteko guztien inplikazioa lortu nahi du Aldasorok. «Euskal munduan gabiltzanak, zerbait egin nahi dugun guztiok, ikusi behar dugu hau bide bat izan daitekeela. Sarea ondo antolatu beharko dugu, eta adostasun politikoa lortu».
EH Bildurentzat «berri ona»
EH Bilduko Koldo Agirre zinegotziak ondo ikusten du Kultura eta Euskara batzordea bereiztea. «Gehiago esango dugu, orain lau urte batzordeen eraketako plenoan gu saiatu ginen bi sailak bereizten, euskarak bere batzorde propioa izan behar duela uste baitugu. Beraz, albiste ona dela esango dugu».
Aurreko legealdian ere euskara zehar lerro bilakatzen saiatu direla dio Agirrek, bai udalean eta bai herritarrekin egin beharreko bileretan eta ekintza desberdinetan. EH Bilduko zinegotziak gaineratu duenez, «euskara batzorde bezala eratuta, errazagoa izango da bere helburuak lortzea eta lana egiteko erraztasunak izatea. Baina ez dugu ahaztu behar, zehar lerro izan behar duela euskarak eta beste batzordeetan eta esparruetan ere landu beharreko gai bat dela».