Goierriko mendizale dantzariak
Ordiziatik Iruñera oinez joanda, Goierriko Mendizale Beteranoen taldeko hamazazpi kidek aurreskua dantzatu dute Iruñeko plazan.
Duela 159 urte, 1856. urtean, Joxe Antonio Olano ...
Ordiziatik Iruñera oinez joanda, Goierriko Mendizale Beteranoen taldeko hamazazpi kidek aurreskua dantzatu dute Iruñeko plazan.
Duela 159 urte, 1856. urtean, Joxe Antonio Olano maisu dantzari zaldibiarraren gidaritzapean, Zaldibiako dantzari talde bat, Zaldibiatik abiatu eta Aralar mendilerroa zeharkatuz, Iruñera (Nafarroa) oinez joan zen uztailaren 7an, San Fermin egunean, Gipuzkoako sokadantza edo aurreskua dantza egitera.
Aurten, Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarrak Jexuxmari Garate dantzari goierritarrari istoria hura berriz errepikatzeko proposamena luzatu zion eta Goierriko Mendizale Beteranoek erronkari heldu zioten. Era horretan, mendizaletasuna eta dantza uztartu dituzte mendizale goierritarrek proiektu berrian. Iruñeko plazara iristeko, ordea, dantza pausoak ikastea eta 63 kilometro zituzten aurretik. Hiru hilabetean 15-17 mendizale Garaterekin aritu dira dantza ikasten.
Zaldibiarrak egun batean
Dantza pausoak ikasita, uztailaren 5ean, 06:00etan puntuan ekin zioten mendi zeharkaldiari.
1856. urtean zaldibiarrek egun bakar batean egin omen zuten herritik Iruñerako bidea, eta dantza egiteko garaian ez omen zitzaien aurretik egindako ahaleginaren nekerik sumatzen. Idatzietan kontatzen denez, urte hartan gastuak espero baino handiagoak izan ziren eta, itxuraz, horregatik erabaki zuen Olanok urte hartan Iruñeara oinez joatea.
Oraindik ere, Aralarreko mapetan Dantzarien bidea izenarekin azaltzen da Zaldibiako Iztuetaren etxetik hasi, Akapulkotik gora Oiduira, Igaratzara eta San Migelera iritsi, eta Irurtzundik (Nafarroa) barrena Iruñera iristen den bidea. 2007an beste zaldibiar talde batek ere egin zuen Dantzarien bidea. «Esan digutenez, 2007an zaldibiar talde bat egun batean joan zen 11 ordutan, Zaldibiatik Iruñera. Zortzi lagun iritsi omen ziren eta Labriten egin zuten dantza», dio Andoni Sarriegik.
Goierriko mendizale beteranoek lasaiago osatu dute ibilbidea, 2007an Irungo (Gipuzkoa) Kemen dantza taldeak egin zuen tankeran: hiru egunetan egin dute zeharkaldia. Etxetik gertu zeudenez, egunero etxean lo eginez osatu dute zeharkaldia.
Lehenengo egunean, 36 kilometro egin zituzten, Ordiziatik Madotzera (Nafarroa), Aralar zeharkatuta. 34 mendizalek egin zuten lehenengo eguneko ibilbidea. Eguerdiko 12:30erako San Migelen ziren mendizaleak. Gehienek oinez egin zuten ondoren Madotz (Nafarroa) arteko beherako bidea.
Bigarren eguneko etapa laburxeagoa izan zen, 23 kilometrokoa, Madoztik Berriozarrera (Nafarroa) artekoa. 35 mendizalek egin zuten ibilaldia. Lehenengo etapan ibilitako batzuk ez ziren bigarren etapan ibili, baina beste batzuk gehitu ziren.
Ekitaldi arrakastatsua
Hirugarren eta azken egunean, Iruñeko udaletxeko plazara arteko kaleko hiruzpalau kilometroak ere oinez egin zituzten. Arrotxapean mendizaleak dantzariz jantzi ziren: alkandora zuriz, mahoizko prakaz, eta txapel, espartin eta gerriko beltzez; emakumezkoak gona luzez. Atzeskua eta aurreskua, bi puntako dantzari izan ziren: Mikel Sarriegi eta Mikel Apaolaza beasaindarrak.
Ekitaldi arrakastatsua izan zen asteartean mendizale-dantzariek eskaini zutena. San Fermin eguneko prozesioaren aurretik, jendearen harridura piztu zuten behintzat. Guztiak pozik, beraz.