Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Idazleen Elkarteak ‘E-rakurleak’ egitasmoa jarriko dute martxan irailetik aurrera. Udal liburutegien sareko bazkide guztiek parte har dezakete
Irakurle talde digitaleko partaideek gailu elektronikoetan irakurriko dituzte proposatutako liburuak. / Maialen Igartua
Goierriko udal liburutegiek ere bat egingo dute
E-rakurleak izeneko egitasmoarekin. Euskal literatura irakurtzen duten pertsonen klub edo talde birtual bat sortzeko egitasmoa da E-rakurleak. Azken finean, ohiko irakurle talde baten modukoa izango litzateke. Zein da aldea? Irakurleek formatu elektronikoan irakurriko dituztela liburuak, mailegu digitalaren bidez. Eusko Jaurlaritzak eta
Euskal Idazleen Elkarteak bultzatutako egitasmoa da hau, eta hautatutako liburu guztiak euskarazkoak izango dira.
Printzipioz bederatzi hilabeteko iraupena izango du egitasmoak.
Hilero liburu bat proposatuko dute, eta liburu horren irakurketari lotutako bizpahiru ekintza antolatuko dituzte. Ekintza horiek, noski, internet bidez egingo dira. Esaterako, posible denean, streaming bidez idazlearekin solasaldiak egingo dituzte. Bestalde, blog bat ere sortuko dute irakurleek beren iritzia bertan idatzi ahal izateko. Liburu bakoitzarekin lotutako ekintzak
Goiatz Labandibar (Oiartzun, Gipuzkoa, 1985) idazleak dinamizatuko ditu.
Egitasmoa irailean jarriko da martxan, eta udal liburutegietako bazkide guztiek izango dute parte hartzeko aukera. Izen ematea librea izango da, eta udal liburutegien bidez egin daiteke. Batez ere, e-liburutegiko irakurleei zuzenduta dago egitasmoa, hau da, udal liburutegietako mailegu elektronikoa erabiltzen duten irakurleei.
Irakurgai guztiak euskaraz
Helburu nagusiak hauek dira: liburutegia erreferente izatea, gailuen eskuragarritasuna bermatzea —liburutegiek hainbat gailu elektroniko izango dituzte irakurleei maileguan uzteko— eta idazleen eta irakurleen arteko harremana sustatzea. Eta hori guztia, euskaraz. «Euskara bezalako hizkuntza txiki batentzat arlo digitalak eta sare sozialek eskaintzen duten erakusleihoa funtsezkoa izan daiteke hizkuntza horren biziraupenerako», adierazi dute egitasmoaren bultzatzaileek.
E-rakurleen topagune nagusia
bloga izango da —oraindik ez dute sortu—. Bertan agertuko dira egutegia, autoreei egindako elkarrizketak, irakurri beharreko liburuaren inguruko informazioa… Eta idazleei egindako testak ere agertuko dira, haien irakurketa ohituren eta liburu gustukoenen ingurukoak.
Bederatzi liburuen hautaketari dagokionean, aniztasuna izango da irizpide nagusia.
Aniztasuna literatura generoetan, idazleen generoan eta argitaletxeetan, esaterako. Irailaren azken astean jarriko dute martxan egitasmoa. Jakinarazi dutenez, lehenengo irakurketa laburra izango da, «irakurtzeko erraza, baina zeresana emango duena». Jendea animatu nahi dute modu horretan.
Gailuak ere maileguan
Goierritarrek ere, noski, izango dute E-rakurleak irakurle talde digitalean parte hartzeko aukera. Hori bai, udal liburutegiren bateko
bazkide izan behar da horretarako. Norbaitek parte hartu nahiko balu, eta bazkide ez bada, irailera bitartean badu astia oraindik bazkide egiteko. Bestalde, gailu elektroniko bat eskura izatea ere komenigarria da, baina ez ezinbestekoa. Izan ere, udal liburutegi bakoitzean bizpaihiru gailu izango dituzte irakurleei maileguan uzteko.
Hortaz, datorren irailetik aurrera Goierriko euskal irakurleek beste irakurle talde bat izango dute eskura. Herri gehienetan dauden ohiko irakurle taldeen osagarria izango da E-rakurleak, eta ez ordezkoa. Izan ere, modu batera edo bestera, baina helburu bera dute bi irakurle talde ereduek: irakurzaletasuna bultzatzea.