Lazkaoko dantzaldiarekin bukatuko da, gaur, Goierriko Erromeria Bira
Irailean Ordiziako Oiangun hasi zen erromeria-bira iritsi da lehenengo urtearen azkenera. Lazkaoko plazan izango da azkeneko dantzaldia, lanurteari dagokionez. Gaur 22:00etan hasiko da. Oin-Arin dantza taldeak eta Maizpide euskaltegiak antolatu dute; lehenak Erromeria Birako antolatzaile kide modura, eta bigarrenak Udako Ikastaroetako kultura egitarauan txertatuz.
Drindots musika taldeak girotuko du dantzaldia, ordu eta erdi edo bi ordu inguruan. Lazkaotar eta goierritar guztiei egin diete dantzara joateko gonbita. Plaza-dantzak egiteko ohitura berreskuratu, eta garai bateko erromeria giroa zabaltzea dira ekimenaren helburuak.
Hilero herri banatan izan da dantzaldiren bat: Oiangukoaren ondotik, Zaldibian, Araman, Gabirian, Beasainen, Idiazabalen, Urretxun, Legorretan eta Arriaranen egin dituzte. Irailetik aurrera berriz jarraitzeko asmoan dira.