Legazpiko udal antolaketa berria argitu du Koldobike Olabide alkateak
Asteleheneko osoko bilkuran Legazpiko Udalaren lan antolaketa berria onartu zuten. EH Bilduk antolaketaren inguruko zalantzak azaldu zituen eta Koldobike Olabide alkateak prentsaurrekoa eman du gauzak argitze aldera.
Azpimarragarriena, gobernu batzordea berreskuratu dutela eta zuzendaritza taldea sortu dutela da. «Erabakiak ez dira osoko bilkuran eta alkatetzan bakarrik hartuko, gobernu batzordean ere bai. Horretarako, alkatetzatik zenbait eskumen utzi dizkiot gobernu batzordeari».
Batzordea alkateak, hiru alkateordeek, idazkariak, kontu hartzaileak eta oposizioko alderdiek osatuko dute. Hori bai, azken hauek hitza bakarrik izango dute, ez botoa. «Normalean gobernu batzordean ez dira oposizioko alderdiak egoten. Legazpin bai, nahiz eta ez duten botorik izango. Horrek gardentasuna ekarriko du. Lehen alkatetzak erabaki gehiago hartzen zituen oposizioa informatu gabe».
Beste berrikuntza bat, zuzendaritza taldea da. Alkateak, hiru alkateordeek, idazkariak, kontu hartzaileak, arkitektoak eta gizarte zerbitzuetako arduradunak osatuko dute. «Modu eraginkorragoan lan egiteko sortu dugu. Teknikoen eta politikoen lana hobetu nahi dugu. Bertan, batzuen eta besteen parte hartzea behar duten gaiak adostuko ditugu, batzordeetara eraman aurretik».
Hemendik aurrera hiru batzorde bakarrik egongo dira. Bakoitzean zazpi politiko egongo dira: batzordeburua, EAJko beste bi, EH Bilduko bi, PSE-EEko bat eta Irabaziko bat. Teknikariek ere beraien ordezkaria izango dute batzordeetan. Teknikari horrek eta batzordeburuak azpibatzorde guztiak koordinatuko dituzte.
Antolaketa batzordeko arduradun politikoa Olabide izango da eta arduradun teknikoak idazkaria eta kontu hartzailea. Herritartasuna batzordeko arduradunak Javier Iraeta zinegotzia eta gizarte zerbitzuetako arduraduna izango dira. Lurraldetasuna batzordeko arduradunak, berriz, Eriz Galvez zinegotzia eta udal arkitektoa izango dira. Batzordeetan, orain arte bezala, herritarrek parte hartu ahal izango dute.
Olabidek Berrikuntza azpibatzordea berria dela eta bertan 2015erako Legazpi diseinatuko dutela ere esan du. Baita Euskara eta Ingurumena azpibatzordeak transbertsalak izango direla ere. «Gure helburua gardentasuna, kolaborazioa eta eraginkortasuna lortzea da».