Ordizia KE-ko Urpekoak taldeak emaitza onak ekarri ditu Espainiako Txapelketatik
Pasa den asteburuan Espainiako junior eta senior mailetako Hegats Igeriketa Txapelketa jokatu zen Bartzelonan. Bertan parte hartu zuen Ordizia KE Urpekoak taldeak, 12 mutilek eta 6 neskak osatutako taldearekin. Ordiziko taldeak “emaitza ikusgarriak” lortu zituen, guztira 15 domina lortuta; horietako bi urrezkoak, 6 zilarrezkoak eta 7 brontzezkoak. Xabier de Miguel eta Iñigo Garcia taldeko arduradunak “oso arro eta pozik” azaldu dira emaitza horiekin. Gainera, gazteen maila nolakoa den ikusita, datorren urtean emaitza horiek hobetzen saiatuko direla azaldu dute.
Aitor Urkiola izan zen urrezko domina lortu zuenetako bat, 800 metro eskafandra modalitatean; 400 metrokoan berriz, zilarra lortu zuen. Amaia Herradorrek ere urrezkoa irabazi zuen 50 metro urazaletik proban; 50 apnean berriz, brontzezkoa. Natale Vergarak lau probatan parte hartu zuen, hiru zilarrezko domina eta brontzezko bat lortuz. Gurutz Gorostizuk beste bi domina jantzi zituen, bigarren eta hirugarren postuei esker. Iñaki Lasak ere zilarra lortu zuen 200 metrokoan, eta 1500ekoan, probarik luzeenean, brontzezkoa jantzi zuen Olatz Arbizak.
Taldekako probetan ere fin aritu ziren Ordiziako Urpekoak. Errelebo probetan bi domina lortu zituzten, bata mutilek eta bestea neskek. Banaka zein taldeka egindako lanari esker, Ordizia KE Urpekoak taldea 4. gelditu zen taldekako sailkapenean.