Santa Ana jaiak berrikuntza ugarirekin datoz aurten .Umeen asteburuarekin hasiko dira ospakizunak, eta gaur zortzi, Miguel Calvillok botako du jaietako suziria
Festen egitaraua antolatzen parte hartu duten elkarteetako ordezkariak ere izan ziren atzo, aurtengo jaien aurkezpenean.
Dagoeneko ate joka daude Ordiziako Santa Ana jaiak, eta herritarrak burubelarri dabiltza egitaraua antolatu eta datozen festa egunetarako dena prest egon dadin. Lan horretan, herriko erakunde, elkarte eta norbanako ugarik parte hartzen dute, elkarlanean eta denen artean, ahalik eta festarik onenak antolatu nahian. Aurtengo jaien egitarauaren berri emateko ekitaldia ere, elkarlan horren erakusgarri izan da; izan ere, antolakuntzan parte hartu duten talde eta elkarteetako ordezkariak bildu dira bertan.
Jose Migel Santamaria alkateak elkarte eta norbanako hauen guztien lana azpimarratu nahi izan zuen. «Dozenaka ekitaldi antolatu ditugu guztion artean, ohikoak gehienak, baina lana, ardura eta parte-hartzea eskatzen dutenak». Horregatik, haien «presesentzia eta programa osatzeko egiten duten ahalegina, ardura eta ilusioa» eskertu zituen. Era berean, lan hori eskertzeko modurik onena «herritar guztiok partehartzea» dela gogorarazi zuen.
Tradizioak agintzen duen moduan, aurreneko asteburua haur eta gaztetxoena izango da. Hala, umeen alkate jaun-andreek hartuko dute herriaren agintea, eta beraiek botako dute festen hasierako suziria, larunbat eguerdian. Festa nagusiak berriz, hilaren 23tik 27ra bitartean ospatuko dituzte. Eta horien hasiera markatzen duen suziria botatzeko ardura, Miguel Calvillok izango du aurten. Santamariak azaldu duenez, «bere ibilbidea eta gizartearekin izan duen inplikazio berezia» aitortu nahi dizkio udalak.
Ordiziako jaiekin lotura estua izan duen beste pertsona batek ere toki berezia izango du aurten. Izan ere, Joseba Juarez herritarra gogoan izango dute hainbat ekitalditan. Batetik, Santanazaleen inguruan osatu duten liburuaren aurkezpenean; eta bestetik, baita Juarezek «hain bere sentitzen zuen eskudantza» egiterakoan ere. Haren omenezko agurra eta ixilunea egingo dituzte.
Berrikuntza ugari
Aurtengo Santa Ana jaiak hainbat berrikuntzekin datoz. Horietako bat, Erraldoien konpartsak estreinatuko dituen pertsonaia berriak izango dira. Baserritar bikote bat aterako da aurten, ohiko tamainakoa. Horiez gain, umeek ere erraldoi eta buruhandiekin gozatu dezaten, haur eta gaztetxoek erabiltzeko moduko figura berriak sortu dituzte; 6-9 urte artekoek erabiltzeko lau buruarin eta 13-14 urtekoentzako beste bat. Horiek guztiak, asteburu honetatik aurrera ezagutu ahal izango dituzte herritarrek.
Kirolak ere ohiko tartea izango du, dagoeneko ezagunak diren Boxing jaialdia, Txirrindularitza Klasikoa eta Pilota txapelketekin. Aurten gainera, aintzinako modalitate bat, eskuz pasaka izenekoa berreskuratu dute.
San Bartolome, festa gune
Festetako ekitaldirik gehienak herrigunean izango badira ere, San Bartolome auzoa «festagune bezala indartzen» jarraitzeko asmoa du udalak. Hala, aurreko urteko bidea jarraituz, barrakez eta zezen plazaz gain, kontzertuak eta Estanda taldearen karpa ere jarriko dituzte bertan.
Musikari dagokionean, San Bartolome eta txosnak izango dira gune nagusiak. Horiez gain, ordea, kale animazioa ere izango da, herritarrek hala eskatuta, Rockalean eta Chaston Dixie Band taldeekin. Gainontzean, London orkestrak eta Jueves de Boleros taldeak osatuko dute musika eskaintza.
Bere aldetik, Urrup antzerki taldeak,
Figuranteen matxinada antzezlana estreinatuko du, jaiekin bat eginez.
EGITARAUA
Bihar, ostirala
- 22:30. Danborradako kantineren aurkezpena eta Nahia dantza taldearen emanaldia, plazan.
- 23:00. Ordizia Sutan boxeo jaialdia. Beti Alai pilotalekuan
- 00:00. Kontzertuak txosna gunean: La Jodedera eta Koplaka.
Larunbata
- 10:00. XLII. Txapel Gorri txirrindulari probaren irteera.
- 12:00. Umeen eguneko suziria. Plazan, Burrunbazale txarangak girotuko du festa.
- Ondoren. Buruhandiak eta erraldoiak, txistulariek, trikitilariek eta txarangak lagunduta.
- 13:00. Txupinazoa gaztetxean. Ondoren triki poteoa, bazkaria eta Goierri punk jaialdia.
- 16:15. Abere jokoak, Gorritiren eskutik, San Bartolome auzoan.
- 16:30. X. Paleta Txapelketako finalak, Beti Alai pilotalekuan.
- 18:00. Xabi Aiestaran XII. Pala Txapelketako finalak.
- 18:00. Buruhandien eta erraldoien irteera udaletxetik.
- 19:00. Animaliak eta umeentzako animazioa Plaza Nagusian.
- 20:00. Koadrila txikien kalejira, Burrunbazale txarangarekin.
- 22:00. Umeen mozorro dantza. Beti Alai pilotalekuan.
- 23:15. Zezen suzkoa, zuhaiztian, txarangak lagunduta.
- 23:30. Disko parranda, Domingo Unanue plazan.
- 23:00. Kontzertuak txosna gunean: Musika Eskolako Rock Taldea, Zesura Euskal Rap eta Jarel Babel taldeekin.
Igandea
- 10:00. Txistularien goiz eresia.
- 10:45. Haurren alkate jaun-andreei harrera udaletxean.
- 11:00. Meza Nagusia. Ondoren, danbor eta upel jole taldeek
- Ordiziako Martxa joko dute.
- 12:00. Umeen ohiko aurreskua.
- 16:00. Ordizia XIX. Pilota Txapelketako finalak. Beti Alain.
- 19:00. Globoflexia tailerra umeentzat, San Bartolome auzoan.
- 19:30. Kantineren irteera udaletxetik Buztuntza aldera.
- 20:00. Umeen danborradaren irteera. Plaza Nagusian bukatuko da, erretretarekin.