«Txistulariontzat ere Antioko baselizan sartzeko une hori zirraragarria da»
Zumarragako jaien baitan, Santa Ixabel egunean, Antxiñako Ama txistulari taldeko txistulari gazteena izan zen Maialen Zubizarreta (Zumarraga, 1991).
Noiz hasi zinen txistulari ...
Zumarragako jaien baitan, Santa Ixabel egunean, Antxiñako Ama txistulari taldeko txistulari gazteena izan zen Maialen Zubizarreta (Zumarraga, 1991).
Noiz hasi zinen txistulari taldean?
13 bat urte nituenean. Amak geriatrikoan lan egiten zuen eta musika eskolako ikasleak joaten ziren jotzea; ni beti joaten nintzen ikustera. Igandeko txistulari kalejirek ere beti eman zidaten atentzioa. Beste musika tresna batek ere ez ninduen erakarri eta horren guztiaren batuketak eraman ninduen txistura.
Txistularientzat egun berezia da Antioko Santa Ixabel erromeriakoa. Nola bizi duzu zuk?
Bezperan arropak prest uzten ditut eta goiz joaten naiz lotara.
Zure adineko asko eta asko festatan murgilduko dira…
Bai, hala da. Guk salbea jotzen dugu Santa Ixabel bezperan eta Antxiñako Ama txistulari taldeko kideok elkarrekin afaltzen dugu. Afaldu ondoren etxeratzen gara Antiorako indarrez egoteko.
Goizean goiz ekiten diozue egunari.
Gosaltzeko hitzordua egiten dugu eta 09:15eak inguru Euskadi plazara joaten gara. Han dantzariekin elkartu eta Eitzagatik Antiora igotzen gara.
Txistulariek ere modu berezian bizi al duzue Antiokoa?
Bai, Antiora iritsi eta ermitara sartzen garen une hori oso zirraragarria da guretzat ere.
Aurten neskek ere egin dute ezpata dantza, zer deritzozu?
Lehenago edo beranduago iritsiko zelakoan nago.
Harreman estua al duzue dantzariekin?
Bai, ezpata dantzaren entseguak elkarrekin egiten ditugu. Guk txistua jo eta beraiek dantza egiten dute. Antioko egunekoa aurretik prestatzen dugu. Abuztuaren 15eko ezpata dantza ere elkarrekin egiten dugu.
Abuztuaren 15ean zuk ere joko al duzu?
Bai, hemen egongo naiz eta taldeko kideekin batera joko dut plazan eta parrokian.
Ikasten ari al zara?
Haur hezkuntza eta heziketa berezia ikasketak amaitu berri ditut.