Pedro Garcia eta Ander Goitia mendizale goierritarrak Himalayara itzuliko dira bi aste barru, beste lau lagunekin batera .Mendi ezezaguna eta «oso teknikoa» dela azaldu dute
Goi mendiak utzita zegoen bata; azken espediziotik errekuperatzen ari zen bestea. Ez zuten aurten Himalayara bueltatzea buruan. Baina mendiaren deia jasotzen denean, barruko arra piztu eta kosta egiten zaie atzera egitea. Lagun batzuen gonbidapena tarteko, Indiar Himalayako Nun mendira (7.135 m.) espedizioa prestatzen ari dira Pedro Garcia eta Ander Goitia mendizale goierritarrak. Hilaren 28an abiatuko dira, eta baimenak tarteko, hilabete eskasen bueltan egin beharko dute igoera.
Nun mendia Himalaya mendikatearen mendebaldean dago, Pakistan eta Indiaren arteko mugan, Cachemiratik gertu. Nun Kun izeneko mendiguneko tontor nagusia bada ere, ez da oso ezaguna. Pedro Garcia mendizale ordiziarrak azaldu duenez, «duela gutxi ireki duten mendia da, eta ez da jende asko joan oraindik. Nahiko zonalde ezkutua edo ezezaguna da». Ondoan duen Kun mendiak urte gehiago daramatza zabalik, baina Nun mendirako bidea duela sei bat urte zabaldu zuten, mugatik gertuago dagoelako.
Espedizio honen ideia, ez zen bietako inorena izan; Garciak jasotako proposamen batetik etorri zen. «Barakaldoko lagun batzuk proposatu zidaten. Rober eta Isa, honelako espedizioetan esperientzia handia duen bikote bat da, bospasei 8 milako eginak dituzte eta asko ibiltzen dira». Makalun ezagutu zuten elkar, eta harrezkero, hainbatetan hitz egin izan dute elkarrekin zerbait egiteaz. Iaz deitu ziotenean, ordea, ez zen momenturik onena Garciarentzat. «Cho Oyutik etorri berria nintzen, eta ni behatzen kontuarekin nengoen orduan, ea nola errekuperatuko nintzen. Baina azkenean deitu eta baietz esan nien».
Goitiak berriz, Garciaren bidez jaso zuen gonbitea. «Halaxe esan zidan: ‘Hi, Indiara nijoak, Nun mendira, nahi al duk etorri?’. Ezustean arrapatu ninduen eta denbora bat behar izan nuen pentsatzeko». Lehendik Himalayan izana da Goitia, bi zortzimilako egin zituen, bata Koke Lasarekin eta bestea Pedro Garcia eta biekin. Beraz, elkar ezagutzen zuten lehendik ere. Baina aspaldian «mendia utzita» zuen eta gehiago aritzen zen eskalada kontuetan. Garciaren deiak, ordea, barruko ar hori piztu zitzaion. «Pedrok enbidoa bota zidanean, berriz ere zerbait piztu zitzaidan, eta zalantza egin banuen ere, gogoarekin nengoen eta animatu egin nintzen».
Sei laguneko «talde majoa»
Espedizioa beste bi katalanek osatuko dute, eta sei izango dira guztira. Garciaren ustez, «talde majoa» osatzen dute; izan ere, ezaugarri hauetako mendi batera joateko «gutxienez bospasei laguneko taldea» behar da, lan asko izango baitute egiteko. Izan ere, garaieraz txikiagoa izanagatik, hainbat zortzimilako baino zailagoa dela uste du Garciak. «Oso mendi teknikoa da, tentea da eta desnibel handia du, eta igoera gogorra izango da». Goitiak ere, «oinarrizko kanpamendua 4.000 metroan» duela eta «desnibela zortzimilako askoren antzekoa» izango dela azaldu du. Horregatik, «lan dezente» egin beharko dutela uste dute.
Garciak azaldu duenez, joan diren guztiek «mendi zaila» dela esaten dute. «8 milako gehienak oso trantsitatuak dira, eta ibilbidea ondo prestatuta egoten da, baina mendi hauek beste gauza bat dira, motzagoak izanagatik, dena egin behar izaten da eta zailtasuna dute». Hala ere, desafio horrek indarra emanten die, eta gogotsu eta ilusioz daude.
Mendi honek jarri dien beste zailtasun bat, epeena da. Izan ere, mugan dagoelako, kanpamendu basean gehienez bi astez egoteko baimena ematen die Indiako gobernuak. Aurrena Indiara iritsi, paperak eta briefing-a egin, eta lau eguneko trabesia egingo dute oinarrizko kanpamendura. Behin hara iritsitakoan, bi aste izango dituzte tontorrera iritsi eta jaisteko. Eta hori, «oso juxtuko denbora» dela uste dute biek ere. Goitiaren arabera, «dena oso ondo» atera beharko da epe horretan egiteko. Baina zorte pixka batekin, dena posible dela uste dute bi mendizale goierritarrek.