Gipuzkoako Sega Txapelketa hirugarrengoz irabazi berritan, Euskal Herrikoari begira ari da lanean orain
Igor Esnaola, Amasa-Villabonan, entrenamenduari ekin aurretik.
Denboraldiko unerik gorenenean murgilduta dabil Igor Esnaola (Legorreta, 1974). Herri kirolaria dela esan daiteke, segan eta trontzan aritzen baita. Aitor anaiarekin hiru aldiz jantzi zuen Euskal Herriko txapela trontzan, eta segan marka guztiak hausten ari da.
Maiatzean Baztanen egindako erronka baten ondorioz, gorputzari buelta eman ezinean zabiltzala zenion Gipuzkoako sega finala jokatu bezperan, baina hala ere txapeldun atera zinen. Egindako lanarekin gustura?
Oso gustura. Ordubeteko lana espero baino hobeto osatu nuen, fisikoki ez nago iaz-eta bezala, baina beno… Belarra arina tokatu zen, eta hori nire aldeko abantaila izan zen. Belar karga handiak izango balira, uste dut lehenago jaitsiko nintzatekeela, baina baita besteak ere. Konforme nago.
Baina zer da bada goputzean sentitzen duzuna?
Nekea, nekea daukat, eta prestaketa falta ere bai. Segan apenas ez naiz aritu, batere ez esateagatik, oso-oso gutxi. Eta maiatzeko apustu zelebre horren ondorioak ere antzematen ari naiz neurri batean. Lan horretatik errekuperatzen ari naiz, eta orain sega prestaketarako beharra daukat. Teknikoki nahiko ondo moldatzen naiz segan, baina motorra…
Hilaren 26an Euskal Herriko Txapelketarako kanporaketa jokatuko duzue Aian. Kasu honetan ere titulua defendatzera zoaz.
Hau Aiesterrazun izango da, gogorra hori ere. Lehengo finaleko bi segalari daude kanporaketa berean, Urki eta Iban Pardo, eta laugarrena Andoni Urrutia. Urrutia oraindik ez dut ikusi, eta sorpresaren bat eman dezake. Ordu erdiko lana izango da, eta ikusiko dugu zer moduz ateratzen den.
Lautatik bi sailkatuko dira abuztuaren 16ko finalerako. Zein ariko dira beste kanporaketan?
Jon Kanflanka eta Mikel Berakoetxea, biak nafarrak, Julen Gabirondo eta Iñigo Mercader. Mercader kilo batengatik gelditu zen Gipuzkoako finaletik kanpo.
Orain prestaketari eman nahi diozu beraz lehentasuna, ordubeteko lanari begira batez ere.
Bai, hala da. Ordu erdikoa lana ere bada, nahiz eta akatsen bat eginez gero errekuperatzeko tarte gutxiado eduki. Baina ordubete izan, ordu erdia izan ala hamar minutu izan, denbora horretan dena eman beharra dago sailkatzeko, eta ez dago erlaxatzerik. Dudana emanda ere, badakit kosta egiten dela horrelakoetarako sailkatzea.
Eta egun berean Euskal Herriko Trontza Txapelketaren finala duz. Ez duzu erabat utzi, beraz.
Ez dut utzi ez! Utzi egin genuen, edo behartu, eta horrela joan dira urte batzuk. Iaz, Santi Aizpurua erremontista izandakoa eta biok hasi ginen. Zizurkilgoa da. Ikaragarri gustura ibili ginen, eta aurten ere, segan bezalaxe, utzi, utzi eta utzi, eta azken orduan presaka gabiltza entrenatzen. Iaz hirugarren sailkatu ginen Euskal Herrikoan, baina Zazpi Herrialdeetako Txapelketa irabazi genuen. Ustekabeko polita hargu genuen biok ere; lan txukuna egin genuen eta irabaztea suertatu zen.
Ez al da lan gehitxo egun bakarrerako?
Bai, bai. Trontzan lehian aritzeko puntu-puntuan egonda ere, dezente mugatuta joango naizela uste dut. Eguerdian, nahiezta ere, pasaera hartu egin beharra dago, eta ez dago denborarik errekuperatzeko. Baina beno, badakigu zer dagoen, nola gauden ere bai, eta gu gure lana egitera joango gara.
Azken hiru urteetan Gipuzkoako txapeldun izan zara, eta baita azken bietan Euskal Herrikoa ere. Kontuan hartuta 2013an hasi zinela segan, garaipen zerrenda bikaina duzu.
Orain arte ondo atera dira. Aurreko finalean esan izan balidate hirugarren gelditu nintzela, berdin-berdin konforme geratuko nintzateke. Denoi gustatzen zaigu irabaztea, eta horrek beti laguntzen du. Hori garbi. Beti nuen buruan iraupeneko lanarena, ordubetean eutsiko ote nuen, ez nuen, eta nire aukeren barruan urruti ikusten nuen. Gero probak egiten hasi nintzen, erdi zalantzan atera nintzen, baina pixkanan-pixkanan, sinestu egiten duzu.
Horiek iraupeneko probak dira, baina azkartasunekoetan ere txapeldun atera zara. Zer modalitate duzu gustukoen?
Gustura ibili bietan, eta moldatu ere bietan antzera. Azkar eta txukun ebaki behar da, eta neurria hartua diot. Polita da.
Kirten luzeko segarekin ateratzen zara.
Hura daukat, eta harekin ateratzen naiz bai! 100 metro koadroko saila hiru mailatan hartzen dut. Normalean aurreneko biak 3,5 metrokoak hartzen ditut, eta hirugarrena menderatzeko errazago uzten dut. Ohiturak dira. Ni beti izan naiz indarra dagoen bitartean behartzearen aldekoa, eta bukaerako lan gutxiago uztekoa. Zortea, hala ere, erabakigarriagoa da modalitate honetan: sailak, zozketak… akats bat egiteko askosaz errazagoa da, izpi bat utzita penalizazioa handia izaten baita.
Zorroztailea ere beste txapeldun bat, emakumezkoa gainera: Alatzne Etxaburua. Ez da ohiko irudia herri kirolen munduan.
Uste dut polita ere badela alde batetik, eta bestetik efektiboa ere bai: oso-oso ondo zorrozten du. Kritikak-eta ere izan ditu, zentzurik gabekoak. Herri-kirolak beti izan du matxismo puntua, eta Alatznek-eta apustua egiten zutenean denetik entzun genuen: herri-kirolei barre egitea zela, adar jotzea… Nik uste dut jende askori ahoa itxiarazi diola.
Eta segaren etorkizuna nola ikusten duzu?
Sega oso sorgina da, dezente baldintzatuta baitzaude beti. Batetik, toki berean ez zarelako berriz ere arituko, belarraren arabera ere aritu behar duzu, gero erreminta… Ia ofizioa eskatzen du. Hasi nahi duen batek, laguntza handi behar du, eta norbait gainean eduki, sega pikatzeko, zorroztu, erakutsi, belardiak… Hala ere, ezagutza aldetik lan polita egiten ari dela iruditzen zait.