«Kontsumo taldeetan parte hartzeko gogoa sumatu dut jendearengan»
Maiatzeko azkeneko astean lehenengo otarreak banatu zituen Ander Kerejetak (Urretxu, 1984) Areizaga-Kalebarren plazan. Kontsumo taldea sortu du, bigarrena Urretxun eta Zumarragan. Badira ...
Maiatzeko azkeneko astean lehenengo otarreak banatu zituen Ander Kerejetak (Urretxu, 1984) Areizaga-Kalebarren plazan. Kontsumo taldea sortu du, bigarrena Urretxun eta Zumarragan. Badira hiru bat urte Gorka Sasieta itsasoarrak otarreak banatzen dituela bi herriotako bezeroen artean. Orain, Kerejetak beste kontsumo talde bat sortu du. Maiatzeko azken aste hartatik astelehenero banatu ditu otarreak.
Aurretik baserri lanetan aritua al zinen?
Baserri mundua betidanik ezagutu dut, baina baserriko lanak ez. Ni kalekumea naiz. Garai batean, Gaztelekuko kide batzuekin baratze bat okupatu genuen Etxeberrira doan bidegorriaren ondoan, baina ez ninduen horrek harrapatu.
Zerk harrapatu zintuen?
Une jakin batean, bidegurutze batera iritsi nintzenaren sentipena izan nuen. Zertan lan egin nahi dut? Lana egin beharra baitago, zoritxarrez. Asebeteko ninduen zer edo zer egin nahi nuen. Tabernan edo tailerrean aritua nintzen eta ez ninduten asebete. Entzun nuen Gorka Sasietak kontsumo taldea martxan jarri nahi zuela eta egun horretan bertan erabaki bat hartu nuelakoan nago. Hamalau hilabeteko bidaia bat egin aurretik izan zen. Ondoren, Latinoamerikatik bueltan, Sasietarengana jo nuen.
Berekin ikasi al zenuen?
Bai. Sei edo zazpi hilabete inguru egin nituen berekin lanean, ikasten. Gero, nire kasa hasi nintzen Gabiriako Zantagoiti baserrian.
Zein izan zen hasierako lanik handiena?
Etxekoak konbentzitzea. Baserrian lan egin duenak bizimodua baserritik ateratzea ezinezkoa dela uste du. Nik argi esan nien senideei saiatu behar nintzela.
Nondik hasi zinen?
Sail txiki batean probatzen hasi nintzen. Salto handiena negutegiarekin eman nuen, aurreko abenduan jarri nuen. Nire kasa egiten saiatu naiz eta lan gehiago eman dit, baina merkeago ere egin dut. Gorka Sasietak lagundu zidan eta auzolan bat ere antolatu nuen lagunekin. Poliki-poliki lur gehiagora zabaldu nuen ortua eta orain gutxi martxan jarri dut kontsumo taldea. Asko daukat oraindik ikasteko, momentuz autoeskolatik atera berritan bezala, ni ere L-arekin noa.
Erraz aurkitu al dituzu kontsumitzaileak?
Sasietaren kontsumo taldea martxan egoteak bidea ireki dit. Jende askok kontsumo taldeen berri zeukan. Nik ere, aurretik, otarren bat edo beste banatu nuen etxez etxe. Bilera bat deitu nuen eta abiatu ginen. Jendeak horrelakoetan parte hartzeko gogoa daukala sumatu dut. Zumarragako jaietan, txosnetan, Euskal Herriko produktuak baino ez dira eskaini. Esango nuke gero eta gehiago arduratzen gaituela kontsumitzen duguna zer den eta nondik datorren jakiteak.
Zer zegoen zuk banatutako azken saskian?
Letxugak, indarrean datoz orain. Lehenengo kalabazinak ere badatoz. Negutegian lekak atera dira eta kanpokoak ere badatoz. Tipulinak, udaberriko aza, azken ilarrak, piperrak azkar egongo dira, erremolatxa… Uda oso oparoa da.
Otarra banatzea baino gehiago bada taldea, ezta?
Taldekideen artean izena jarri diote taldeari. Baserrira bisita egin dugu eta halako gehiago antolatzeko asmoa daukat. Errezetak ere igo daitezke Interneteko txokora. Nik uste dut jendea astelehenetan oso gustura etortzen dela otarra hartzera. Hasi baino ez gara egin.