Alegia, jaietan murgilduta
Asteazkenean emango diete amaiera festei, Madalena eguna ospatzearekin batera
Atzo hasi ziren festak Itsasoko Alegia auzoan, eta giro edarrean joan dira arratsalde-gau partez. Gaurkoan ere izango dira ekitaldi ugari, eta amaiera, berriz, astezkenean emango zaie, Madalena egunean.
Herri bazkariarekin hasiko dira gaurko ekitaldiak 14:00etan, bertan jateko prestatu behar den paellaren inguruan aurretik giroa izango bada ere. Bazkalostean ere ez da giro faltarik izango, opariz betetako bingo herrikoia dagoelako iragarrita 16:30erako. Mus txapelketa ere izango da arratsaldean, 17:00etan hasita, Zelai Ondo elkartean. Eta handik gertu, 19:00etan, herri kirol erronka, Eneko Otaño eta Eneko Saralegi aizkolariak Markel Galparsoro eta Aimar Aierbe korrikalarien aurka. Afari herrikoia izango da ondoren, 20:30ean. Eta egun guztian eta goizaldera arte, musika kontuak Infinity Eventes DJaren eskutik joango dira.
Alegiako jaietako hurrengo zita asteazkenean izango da, Madalena egunean. Meza nagusia izango da 12:00etan, eta bukaeran Ezkio-Itsasoko abesbatzaren emanaldi laburra. Ondoren Gabiriko Goruntz dantza taldearen ekitaldia izango da, eta gero, hamaiketakoa. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera izango diren umeentzako puzgarriekin emango zaie amaiera jaiei.