Santa Marina eguna ospatuko dute gaurkoan. Autobus zerbitzu berezia eskainiko du Junetorrik.
Tonbola izango da aurten ere Aztiriako jaietan
Festak dira Azitirian atzo hasi eta biharko egunera arte. Gaur, auzoko zaindariaren eguna ospatuko dute, eta berari, Santa Marinari eskainitako elizan meza nagusia egingo dute 11:00etan. Gero, hamaiketakoa izango dute auzotarrek Aztiri-Bat elkartean Jon eta Agurtzane Elustondo trikitilari legazpiarren doinuez lagunduta. Arratsaldean, 16:30ean, helduen eta gazteen arteko futbol txapelketa jokatuko da Gaintzabal zelaian. Urtero bezala auzotarren artean ikusmina piztuko duen partida izango da, dudarik gabe; aurten bederatzigarren edizioa betetzen du. Auzogunera itzuliz, 18:00etan, 20. patata-tortilla lehiaketa egingo dute, eta ondoren pintxoak banatuko diztuzte. Bola lehiaketa ere jokatuko da arratsaldean zehar, eta giroa alaitzen Gari eta Iñaki trititilariak arituko dira. Gauean ere han izango dira, erromerian, eta gauerdian egingo den txerri harrapetaren ingurukoei musika jartzen. Goizaldean txokolatea banatuko da.
Bihar garaiz esnatuko da eguna Aztirian, 10:00etan goiz eresia egingo dute eta Gabiriako txistulariak. Mesa nagusia etorriko da gero, 11:00etan, eta horren ondoren, auzoko edadetuenari omenaldia egingo zaio eta Goruntz taldeak dantza saioa egingo du. Mendi lasterketa ere izango da, goizeko 10:00etan aterata; sari banaketa 13:00etan egingo da. Arratsaldean herri kirolak izango dira 18:30ean hasita: Xabier Aranburu Guzta harri jasotzen, eta Azurmendi eta Larrañaga aizkoran; eta ordu berean, Gipuzkoa mailako bola eta toka txapelketa. Elorza eta Larrañaga trikitilariak ere arituko dira arratsaldean zehar.
Aztiriako jaietako ikurretako bat bihurtu den tonbola ere izango da aurten ere, auzoko frontoi inguruan.
Junetorri bereziak
Legazpiko udalak autobus zerbitzu bereziak jarri ditu larunbat eta igandean Aztiriako jaietara joateko. Urtatzatik 17:30, 19:00 eta 20:30ean aterako da, eta Aztiriatik 18:15, 19:45 eta 21:15ean.