Ataungo San Martin elizako organo barrokoa
Aurrera doa Ataungo Organo Barrokoaren IX. Jaialdia eta gaurkoan klabikordioari tokia egingo dio egitarauak. Bernardo Brauchli organo jotzaileak klabikordioa lagun hainbat pieza interpretatuko ditu lehenengo, ondoren organoari heldu eta emanaldiaren bigarren atala osatzeko.
Bernardo Brauchlik Suitzako Friburgon 1972an egin zuen lehenengo klabikordio kontzertua. Orduz geroztik, antzinako teklatuaren interpretazioan, ikerketan eta zabaltze lanetan dihardu.
Klabikordioa musika barrokoaren ikurretako bat da tresnei dagokienean. Hari instrumentua da eta piano itxura hartzen duen arren, teklak palanka soilak dira zeinak sakatzerakoan zia batek dagokion haria ukitzen duen.
Europarra jatorriz
Klabikordioaren jatorria Europan dago. XIV. mendean agertu zen, pianoaren aitzindari. Etxeetan erabili ohi zen ateratzen dituen doinu lausoek areto txikietara egokitzen baitira ondoen.
Jardunaldietako hurrengo kontzertua uztailaren 25ean egingo dute. Miriam Cepeda eta Luis Alberto Requejo organo jotzailea eta klarinete jotzailea, hurrenez hurrez, arituko dira.
Kontzertuak Tourseko Martin Deunaren elizan izango dira 18:00etan.