Datorren urtean 80 urte beteko dira Jose Antonio Agirrek lehendakari kargua hartu, eta Eusko Jaurlaritza eratu zela
1936ko urriaren 7an osatu zen lehen Eusko Jaurlaritza.
Datorren urteko urriaren 7a jai eguna izango da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hala ebatzi zuen Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak ekainaren 30ean egindako bilkuran, Lan Harremanetarako Kontseiluari –sindikatuak eta enpresaburuen ordezkariak daude, besteak beste, kontseilu horretan– eta gaiarekin zerikusia duten gainontzeko organo aholku-emaileei entzun ondoren. 2016ko urriaren 7an 80 urte beteko dira Jose Antonio Agirrek lehendakari kargua hartu zuela eta Eusko Jaurlaritza eratu zela Gernikan. Printzipioz datorren urtean soilik izango da jai eguna urriaren 7a. Bisurtea da gainera 2016a, eta ostiralarekin dator urriaren 7a.
Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak orain bi urte aurreratu zuen irrati batean egindako elkarrizketa batean urriaren 7a izan zitekeela urriaren 25eko jai egunaren ordezko –PSE-EEko gobernuak ezarri zuen egun hori, Gernikako Estatutuaren Eguna–, eta konnotazio historiko bat ematearen beharraz aritu zen orduan. «Estatutua bera da garrantzitsua, eta ez Estatutuaren eguna», esan zuen. EAJ lehendakaritzara iritsi zenean proposatu zuen urriaren 25a jai egutegitik kentzea, eta hala gertatu zen jeltzaleek eta EH Bilduk haien botoak batu ondoren.
Urte bakarrerako jai eguna
Datorren urteko egutegiak eman dio Eusko Jaurlaritzari 2016ko urria jaiegun izendatzeko aukera. Datorren urtean, bi jaiegun igandearekin datoz: maiatzaren 1a eta abenduaren 25a. San Jose eguna, martxoaren 19a, jai izan da aurten, baina datorren urtean larunbatean egokitzen denez, Jaurlaritzak ez du jaiegunen egutegian sartu. Hasiera batean, abenduaren 26a jaiegun izendatzea zerabil buruan gobernuak, baina azkenean urriaren 7aren aldeko erabakia hartu du. Zenbait enpresari eta sindikatuk egokiago jotzen zuten abenduaren 26a egutegi aldetik, baina bidezko ikusi dute urriaren 7ko ospakizuna.
Hartara, hamabi egun ofizial jasotzen ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan egutegiak, eta horiei beste bi gehitu behar zaizkie. Gipuzkoaren kasuan, San Inazio eguna 2016an ere jaieguna izango da, eta udalerriko bakoitzeko udalbatzak erabakiko du zer egun izendatu jaiegun ofizial –herrietako jaietako zaindariaren eguna izan ohi da–. Printzipioz, 2016an izango da soilik jai urriaren 7a. «Aukeraketa sinboliko eta puntuala» izan dela zabaldu dute Eusko Jaurlaritzaren iturriek, eta hasiera batean behintzat «jarraipena emateko bokaziorik ez» duela.
1936ko gobernu plurala
1936ko urriaren 1ean Gernikako Autonomia Estatutua onartu eta gero, sei egun beranduago, urriaren 7an, sortu zen Eusko Jaurlaritza Gernikan, 36ko gerraren hasieran. EAJren esku gelditu ziren sailburutza garrantzitsuenak –lehendakaritza eta lau sail–, PSOEk hiru hartu zituen, eta Espainiako Alderdi Komunistak (PCE), Izquierda Republicanak, Union Republicanak eta Eusko Abertzale Ekintzak bana hartu zituzten.
2016ko jai egunak. EAE-ko jaiegun egutegia
Urtarrilak 1. Urteberri eguna.
Urtarrilak 6. Errege eguna.
Martxoak 24. Ostegun Santua.
Martxoak 25. Ostiral Santua.
Martxoak 28. Pazko bigarrena.
Uztailak 25. Done Jakue eguna.
Abuztuak 15. Andra Mariren Jasokundea.
Urriak 7. Gernikan Lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu izanaren 80. urteurrena.
Urriak 12. Espainiako Jai eguna.
Azaroak 1. Santu Guztien eguna.
Abenduak 6. Espainiako Konstituzioaren eguna.
Abenduak 8. Sorkundez Garbiaren eguna.
*Egutegi horri San Inazio eguna (uztailak 31) eta herri bakoitzeko jai eguna gehitu behar zaizkio.