Batzordeen osaketak eta parte hartzeak ika-mika sortu dute alderdien artean
Oposizioko alderdiek «egitura piramidala» ezartzea egotzi diote udal gobernu taldeari .Gobernuak berriz, batzorde berriekin herritarren parte-hartzea bermatuta dagoela defendatu du
Ordiziako Udala hasi da legealdi berriari begira lanean. Udalen osaketaren ondorengo aurreneko osoko bilkura egin zuten joan den ostegunean. EAJren eta PSEren arteko akordioak eta oposizioko alderdien kritikek markatutako saioa izan zen. Gaur, 19:00etan, beste bilkura bat egingo dute, aurrekotik lotu gabe gelditu ziren zenbait gai lantzeko. Bertan, 2014ko kontuen onarpena, etxebizitzen alokairuetako laguntzak emateko araudia, eta EH Bilduk Irriki elkartearen eta Arrano tabernaren inguruan aurkeztutako mozioa izango dituzte hizpide.
Udalbatza osatzen duten lau alderdietako 13 zinegotziak mahaian eserita, udalaren osaketaren berri eman zuen Jose Miguel Santamaria alkateak, joan den osteguneko saioan. Bi alkateorde izendatu ditu: Angelica Moreno (EAJ) eta Iñaki Dubreuil (PSE-EE). Hain zuzen ere, bi izen hauek pisu handia izango dute udal gobernu berrian. Horiekin batera, Arantxa Fernandez (zerbitzuak, herrigune eta auzoak) eta Jose Ignacio Iturriotz (enplegua eta ekonomia) izango dira ardura gehien izango dutenak.
Batzordeen osaketari dagokionean, momentuz hiru batzorde informatibo osatuko dituztela azaldu zuen Santamariak. Gai arrunten batzorde informatiboa, Plenorako gaien batzordea eta Kontuen batzorde berezia izango dira.
Egitura «piramidala»
Udalaren osaketa eta funtzionamendu berriarekin kritiko agertu ziren oposizioko alderdiak. Igor Egurenek (EH Bildu) «oso sistema piramidala» proposatu dutela eta beraiek «sistema horizontalago baten alde» daudela azaldu zuen. Era berean, «herritarren partehartzea» bultzatu behar zela eta batzordeei eskumen batzuk eta erabakiak hartzeko ahalmena eman behar zaiela azaldu zuen. «Parte-hartzea aipatzen da hemen, baina ez dugu ikusten benetan horretan indarrik jartzen denik».
Era berean, Mila Sukiak (Ordizia Orain) ere, helburua «udala herritarrei irekitzea» dela gogorarazi zuen; batzorde irekiak egitea proposatu zuen, «herritarrek parte hartu eta erabakigarriak izateko». EH Bildurekin bat etorri ziren «sistema piramidala» dela esaterakoan; are gehiago, «eredu presidentzialista» zela eta hori beraien idearioaren kontra zihoala azaldu zuten.
Bere aldetik, Iñaki Dubreuilek (PSE-EE) egitura berria defendatu zuen, bere ustez «partehartzea inoiz baino gehiago» bermatzen duelako. Duela bi legealdi onartu zen parte-hartzerako akordio markoa ekarri zuen gogora, eta hura garatu behar dela gogorarazi zuen. Planteatzen den egitura «legearen barruan» dagoela defendatu zuen. «Plenoa, alkatea eta honek delegatzen badu, delegazioak. Hori da araututa dagoen funtzionamendua».
Santamariak, beraien proposatzen duten «gobernu irekia» araudi bat izango dela zehaztu zuen, irailetik aurrera aplikatuko dena, eta helburu «udalaren funtzionamendua ahal den gardenena eta gertukoena» lortzea izango duena.
EAJk eta PSE-EEk ez ezik, EH Bilduk ere baiezkoa eman zion proposamenari; «udalaren funtzionamenduari oztoporik ez» jartzeko asmoa azaldu zuen Egurenek, eta zalantza ugari izan arren, «konfiantzazko botoa» ematea erabaki zuten.
UDALAREN OSAKETA Kargu nagusiak · Alkatea. Jose Miguel Santamaria (EAJ) · 1. alkateordea. Angelica Moreno (EAJ) · 2. alkateordea. Iñaki Dubreuil (PSE-EE) Zinegotzien sailak · Garapen Iraunkorra eta Hiri Garapena. Angelica Moreno. · Zerbitzuak, herrigunea eta auzoak. Arantxa Fernandez. · Enplegua, ekonomia eta garapen ekonomikoa. J. I. Iturriotz. · Gizarte zerbitzuak, aniztasuna, kooperazioa eta osasuna. Iñaki Dubreuil. · Berdintasuna. Iñaki Dubreuil. · Kirola eta osasuna. Bittor Bolinaga. · Gobernantza eta plan orokorra. Jose Miguel Santamaria. Udal batzordeak · Gai arrunten batzorde informatiboa: Delegazioetako aktak, dekretuak eta gai orokorrak. · Plenorako gaien batzordea: Osoko bilkuretako gaiak landu. · Kontuen Batzorde Berezia. Osoko bilkurak onartutako aurrekontuetako eta beste kontuen azterketa eta berri ematea.













