Festetan izandako hainbat eraso sexista salatu dituzte Ordizian
Gertakariak salatzeko elkarretaratzea egingo dute ostiralean, 11:30ean, Ordiziako plazan.
Ostiraletik igandera, Ordiziako jaietako lehen asteburuan izandako bi eraso sexista salatu dituzte Ordizian, kasu gehiagoren berri ere izan duten arren. Egoerari aurre egiteko eta herritarren inplikazioa lortzeko, erasoen aurrean elkarretaratzea deitu dute etzi eguerdirako. Hain justu ere, jaietako txupinazoa baino lehen, 11:30ean, elkarretaratzea egingo dute Ordiziako plazan “Eraso sexistarik ez!” lelopean.
Herritar talde batek egin du elkarretaratzerako deialdia, erasotuak izan diren neskei babesa erakustearekin batera jarrera horiekin amaitzeko eskatuz. “Bi eraso izan dira salatuak, baina sobera dakigu gehiago izan direla”, diote. Erasoatuak izan diren emakumeak ordiziarrak direla nabarmendu diote Goierriko Hitzari, baita ustezko erasotzaileak ere. Era berean, ustezko erasotzaileak ez dabiltzala euren kabuz diote, “beraien lagunak, egoeraren aurrean ezer egin ez eta gainera barre egiten dutenak, konplize dira”. Erasotua izan eta salatzera ausartzen den emakumeak “bere burua zuritu” behar izatea, berriz, “krudelkeria” besterik ez dela aldarrikatu dute: “Bi kasuetan emakumeek aurre egin diote erasotzaileei. Nola esan behar da ezetza ezezkoa dela eta horren aurrean ezin dela eztabaidatu?”.
Behin eta berriz errepikatzen den egoerari aurre egiteko herritarren inplikazioa ezinbesteko jo dute. “Erasoen aurrean tolerantzia zero izan behar dugu, eta hori guztion ardura da. Jai herrikoiak jendarte aske eta parekide baterako eredu erreferentzial bat izan behar dira. Jaiek gune seguruak eta bertan parte hartu nahi duen edonorentzat gozamenerako gunea izan behar dute”.