Taldeei zuzendutako txorimalo tailerrak egiten ari dira aste honetan Beasaingo Igartzan. Handienak errotako baratzean jarriko dituzte; txikienak etxera eramango dituzte.
Beasaingo Igartzako errotan txori izugarriak egiten ari dira egunotan.
Azken urteetan asko aldatu bada ere, Beasaingo Igartza Monumentu Multzoa nekazaritzari lotuta egon izan da. Inguruan beti egon izan dira baratzeak eta soroak. Oraindik ere, baratze txiki bat badago errotaren aurrean. Landare bakoitza bere izenarekin izendatua dago bisitarien lagungarri.
Baratzeekin eta soroekin oso lotuta izan dira betidanik txori izugarriak edo txorimaloak. Igartzako errotako baratzean lehenengo babarrun aleak erne aurretik txori izugarriak egitea eta jartzea komenigarria dela ikusita, Beasaingo Igartza Monumentu Multzoan taldeei zuzendutako txori izugarri tailerrak egiten ari dira aste honetan.
Adinaren arabera banatu dute jarduera: handienek, baratzean jartzeko txorimalo handia egiten dute, eta txikienek, etxera eramateko txori izugarri txikiak.
Lastoz eta paperez beteta
Lanean hasi aurretik, txorimaloek zertarako balio duten azaltzen diete tailerrean parte hartzen dutenei. «Txoriak izutzeko balio du txori izugarriak, bestela txoriak baratzera etorri eta haziak eta fruituak jaten dituzte», dio jardueran parte hartu duen haur batek. Gehienetan arropa zaharrez jantzitako gizaki itxurakoak izaten dira txorimaloak. Harien, egurren eta arropa zaharren bidez egitura egin ondoren, lastoz eta egunkari orriz betetzen dituzte. Lasto fardoa haurren jostailu ederra bilakatzen da.
Etxera eramateko txori izugarri txikiak, zotzen, kartulinaren eta lastoaren laguntzaz egiten dituzte haurrek.
Ostiralean bukatuko dira tailerrak eta oraindik eman daiteke izena, 943 087 798 telefonora deituta.