500 harrirekin egindako eskultura, Nepalen alde
Lurrikarak kaltetutako nepaldarren aldeko egitasmo originala jarri dute abian Legazpin: Txakel Urartek 500 harrirekin eskultura bat egin du bere dendako erakusleihoan eta nepaldarren aldeko diru-laguntza ematen dutenek harri bat etxera eramateko aukera edukiko dute. Dirua Nepalen bizi den Mikel Leizeaga legazpiarrari emango dio.
Asteartean ireki zuen diseinu estudioa Urartek eta irekierako puntu garrantzitsua izan zen nepaldarren aldeko eskultura, eta bide batez, herritar guztiak egitasmoan parte hartzera gonbidatu zituen Urartek.
Eskultura solidario honek forma borobila du eta 1,5 metroko diametroa eta hondartzetatik hartutako 500 harri erabili ditu eskultura hau egiteko. Harri guztiak esku batekin hartzeko modukoak dira. Eskulturaren erdian tumulu bat egin du eta tumuluaren gainean bi harri txiki jarri ditu, biak Himalayan hartutakoak: bata Everesten gailurrekoa da eta bestea Nanga Parbat mendiaren gailurrekoa.
Urarteren lagun mendizale batek ekarri zituen bi harriak eta, horiek izan ezik, gainerakoak etxera eraman daitezke. Harri denek, gainera, kanpainako logotipoa dute eta zenbakituta daude. Urartek guztiak sinatu ditu, banan-banan.
Legazpiko diseinatzailea oso gustura ageri da bere ekintzak izan duen harrerarekin. «Eskultura hau aspaldi honetan egin dudan gauzarik onena da. Nepaldarrei lagunduko diegu eta, bide batez, eskultura bat banatuko dugu eta guztion etxeetan bukatuko du. Inaugurazio ekitaldian 320 euro jaso genituen Nepalen alde. Horrela jarraitzen badugu, uda amaitu aurretik beste zer edo zer jarri beharko dugu erakusleihoan».
Legazpiar sena bultzatzeko lanean
Jendeari lokala ere asko gustatu zitzaiola gehitu du. «Herritik kanpo urte asko eman ditudanez, askok urte hauetan guztietan egin dudan lanagatik galdetu zidaten».
Urartek Euskal Herriko erakunde eta enpresa garrantzitsuenentzat lan egin du eta horientzat lan egiten jarraitu nahi du, baina legazpiarrentzat ere lan egin nahi du. «Lokal berritzailea eta freskoa ireki dut. Bertan oso ondo egoten da. Lasaitasuna eta giro ona dira nagusi. Izan ere, hori da nire helburua: lokalean sartzen direnak beraien etxean bezala sentitzea. Diseinua, argazkigintza, dekorazioa, publizitatea, serigrafia, ekitaldien antolakuntza… jorratzen ditut», aipatu du Legazpiko diseinatzaileak.
Bestalde, Legazpiren alde lan egin nahi du. «Herriko kultur eta politika arloan lan egin nuen eta berriro nire herriaren alde lan egin nahi dut. Horretarako, Legazpiarra marka sortu dut. Izan ere, mundu guztia bere herriaz harro dago eta gure herrian ez da halakorik gertatzen. Batzuetan tontoak garela ematen du. Horrekin bukatzeko, legazpiarrak legazpiar izateaz harro egotea bultzatzeko, merchandising produktu batzuk atera ditut: tazak, kamisetak… Beste batzuek Erroma edo New York maite dutela dioten kamisetekin joaten badira, zergatik ez gara gu joango Legazpi maite dugula dioten kamisetekin?».
Legazpiartasuna bultzatzeko, herriko artisten lanak ezagutzera emateko asmoa ere badu. Erakusleiho bat horretarako erabiliko du. Hasteko, Juan Mari Burgueraren eta Alberto Velascoren eskulturak jarri ditu.