Festetan toki berezia izaten dute erraldoiek, ez bakarrik tamainagatik, baita tradizio bati eusten diotelako ere. Ordizian ohitura horri bizi berria ematen saiatzen ari dira urtez urte.
Festen inguruan tradizio eta pertsonaia bereziak sortzen dira herriz herri. Baina herri gehienetan izaten dira erraldoiak eta buruhandiak. Ordizian ere, festen hasierarekin lotzen da haien etorrera. Joan den larunbatean, umeen txupinazoarekin batera atera ziren kalera. Eta beste horrenbeste egingo dute bihar, jaien haserako suziriaren ondoren. Aurten gainera, berrikuntza ugarirekin datoz Ordiziako erraldoiak.
Ordizian mende erditik gorako tradizioa dute erraldoiek, baina duela hamabost bat urte, indarra galtzen hasita zeudela ikusita, Azen Ordiziako Erraldoien Lagunak taldea sortu zuten. Harrezkero, gazte ugari pasa dira taldetik. Lander Mujika taldeko buruak azaldu duenez, egun sei bat lagun aritzen dira modu finkoan, baina festen inguruan jende gehiago ere animatzen da laguntzera; aurten esaterako, 12 bat laguneko taldea izango dute. Gehienek umetatik ezagutzen dituzte erraldoiak, eta berezia da herriko jaietan modu honetan parte hartzea.
Festetan izaten dituzten hitzordu nagusiak, suziriaren ondotik egiten dituzten bi kalejirak izaten dira. Baina baita alardea ere. Azken urteetan «nahikoa utzita» egon bada ere, aurten indartu egin nahi izan dute, eta Ordiziakoaz gain, beste bost herritako erraldoiak elkartuko dira larunbatean, herriko kaleetan.
Kaldereroetan oinarritutako erraldoi berriak
Erraldoi berriak
Aurten, taldeak partaide berriak ere izango ditu. Izan ere, bi erraldoi berri estreinatu dituzte. Baserritar bikote bat da, neurri handikoa. Horiez gain, 14-15 urteko gaztetxoek erabiltzeko tamaina ertaineko bat, eta 6-8 urteko umeentzako beste lau sortu dituzte. Denak «kaldereroen inguruko pertsonaiak» direla azaldu du Mujikak; horietako bat, Zozomikote da, Ordizian ezaguna den pertsonaia.
Erraldoi berriak arinagoak badira ere –26 kilo–, zaharrenek 42 kiloko pisua dute, eta denbora luzez eramateko, atsedenak edo txandak egin behar izaten dituzte. Hala ere, entsegu askoren beharrik ez dutela izaten azaldu dute. «Saioren bat edo beste egin izan dugu, pauso batzuk eta ikasteko, baina gehiena martxan gabiltzala ikasten dugu».
Batez ere inguruko herrietan mugitu izan dira orain arte, Lazkaon, Beasainen edota Legazpin. Aurten ordea, irteera gehiago ere izan dituzte, Alegia, Amezketa, Azpeitia, Trapagaran, Orduña edota Iruñeko Txantrea, besteak beste. Donostiako Anoetan ere izan ziren, Gure Esku Dagok antolatutako jaialdian. Alardeak direla eta, beste herri batzuetako erraldoi taldeekin harremana estutzen ari dira, eta Ordiziara etortzen diren moduan, haiek ere beste taldeen herrietara joateko ohitura hartu dute.
ASTEBURUKO EGITARAUA
Bihar
- 12:00. Festen hasierako suziria eta kanpaiak, Burrunbazale txarangak lagunduta.
- 12:15. Buruhandiak eta erraldoiak, txistulariek, trikitilariek eta txarangak lagunduta.
- 17:00. Bigantxak eta Koadrilen arteko XI. Bigantxa-futbol txapelketa, San Bartolome auzoan.
- 18:30. Buruhandi eta erraldoien kalejira, musikariek lagunduta.
- 21:30. The Young Wait taldea, San Bartolome auzoan.
- 21:30. Danborradaren irteera Buztuntzatik. Bukaeran, Ordiziako Martxa joko dute plazan.
- 00:00. Rockalean taldearekin musika eta animazioa kaleetan.
Larunbata
- 07:30. Laguntasuna errondailaren goiz eresia, kalez kale.
- 08:30. Ordiziako XCII. Klasikoko partehartzaileen aurkezpena, Barandiaran plazan.
- 09:30. Ordiziako XCII. Txirrindularitza Klasikoaren irteera.
- 12:00. Erraldoien alardea herrigune historikoan, sei talderekin.
- 13:00. Laguntasuna errondailaren kontzertua, plazan.
- 14:00. Ordiziako XCII. Txirrindularitza Klasikoaren bukaera.
- 18:00. Ordizia Hiria pilota txapelketako finalak. Beti Alain.
- 18:00. Bigantxak, San Bartolome auzoko zezen plazan.
- 19:00. Erraldoien alardea, herrigunean eta Urdaneta kalean.
- 19:30. Txaston Dixie Band taldearen kaleko animazioa.
- 19:30. Lee Junior musikariaren kontzertua, San Bartolomen.
- 21:00. Beti Argi bandarekin kalejira, herrigunean.
- 22:30. Jueves de Boleros taldean kontzertua, Plaza Nagusian.
- 23:30. Disko parranda, Domingo Unanue plazan.
Igandea
- 06:00. Goizaldeko danborrada, Buztuntzatik abiatuta eta Plaza Nagusian bukatuz.
- 08:30. Irungo Udal Musika Bandaren kalejira.
- 09:30. Bigantxak, San Bartolome auzoko zezen plazan.
- 11:00. Meza Nagusia parrokian, Santa Ana abesbatzarekin.
- 12:15. Agintarien soka-dantza. Plaza Nagusian.
- 13:00. Irungo Musika Bandaren kontzertua, Plaza Nagusian.
- 18:00. Eskuz binakako pilota partidak, Beti Alai pilotalekuan.
- 19:00. Lagunak Txaranga.
- 19:30. DJ Porruren haurrentzako ikuskizuna, Plaza Nagusian.
- 19:30. Low Riders taldearen kontzertua, San Bartolomen.
- 21:00. Kalejira: Beti Argi banda.
- 21:30. Kasernarat taldearen kontzertua, San Bartolomen.
- 22:30. Ritmo de Luna akademiaren areto dantzen erakustaldia.